Ikerketa batzordea osatzearen alde egin du gehiengoak Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Salaketa ez da berria. Iazko azaroan erabaki zuen diputazioak auzitara jotzea, egin gabeko lanen truke 3,4 milioi ordaintzea egotzita. Hiru dira ustezko erantzule nagusiak: Bidegiko arduradun ohia eta eraikuntza enpresetako bi ordezkari.
Salaketa jartzeko orduan Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren txosten bat hartu zuen oinarritzat aldundiak; haren arabera, espero baino %52 gastu handiagoa eragin zuten AP-1 autobideko lanek. Aldundia EAJren esku zegoen garaikoak dira ustezko urraketak. Markel Olano zen ahaldun nagusia, eta Eneko Goia Bide Azpiegituretarako diputatua.