AZPIEGITURAK

Bidegik eta Bidelanek akordioa sinatu dute

AP1 eta AP8 errepideen gainkostuak kitatzeko adostasuna lortu dute Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Bidelan enpresa pribatuak. 2018ra arte iraungo du itunak, eta orain arte ordaindutako kopuruarekin alderatuz, 20 milioi euro aurreztuko ditu guztira diputazioak.

Berria.info
2013ko azaroaren 29a
16:37
Entzun

Azken hilabetean negoziazioak abian jarri eta gero, bi erakundeen arteko hartuemanek fruituak eman dituzte. Izan ere, Larraitz Ugarte Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako diputatuak eta Guillermo Ibarrondo Bidelaneko idazkariak akordioa sinatu dute asteon datozen bost urteetarako.

Urte honetako bigarren seihilekotik aurrera jarriko dute indarrean hitzarmena, eta 2018ko ekaina bitartean, 20 milioi euro aurreztuko ditu diputazioak, betiere zerbitzuan eta langileengan murrizketarik eragin gabe. Ugartek azaldu duenez, aurreko agintaldian adostutakoa baino 17 milioi euro gutxiago ordainduko dio Bidegik Bidelani, bi errepide horien kudeaketa eta mantentze lanak direla eta. Enpresak eskainiko duen zerbitzua, ordea, egungo berdina izango da, baina kostu murritzagoaren truke: Bidelanen fakturazioa 29 milioi eurotan jaitsiko da bost urtean. Horren ordainean, aurreko hitzarmenaren baldintzak salatzeko aurkezturiko helegitea bertan behera utziko du aldundiak.

Urtero hiru milioi eurotik gora aurreztuko ditu aldundiak, argindarraren eta erabiltzaileen arreta zerbitzuaren ardura bere gain hartuko duelako. “Bidegi izango da bere errepidetako argindarraren titularra. Orain arte, Bidelanen izenean egote hutsagatik, 184.000 euro jasotzen zituen enpresa pribatuak”. Batez beste diputazioak ordaintzen zuen %7,7ko gehikuntza hori kitatzea lortu dute, gainera. Ugarteren arabera, Bidelan enpresak berak ziurtatu du kontratu aldaketaren eraginez 15,63 milioi euroko gainkostu bat egon dela 2009 eta 2013 artean, eta hori “kaltegarria” izan dela. Halaber, Arabako errepide tarteagatik Bidelani ordaindu beharreko 273.000 eurotik gorako gastuak estaltzea lortu du aldundiak, sinaturiko akordioaren bitartez.

Hilabetetako tirabirei amaiera

Bi erakundeen artean gaiztotua egon da giroa azkeneko hilabeteetan. Bidelanek kudeatu eta mantentzen dituen bi errepideetan espero zena baino ibilgailu gutxiago zebilela argudiatuta, kontratua aldatzea adostu zuen Bidegirekin 2010. urtean, eta, urteroko gastu finkoez gain, %7,7ko etekin garbiak ordaintzea eskatu zizkion. Izan ere, dirua galtzen ari zen eta ez zitzaion errentagarria ateratzen. Lehen kontratuan, errepideek hartutako zirkulazioaren arabera pagatu behar zion diputazioak enpresa pribatuari. Hitzarmen aldaketen ondorioz, ordea, lau urtean 15,6 milioi euroko gainkostuak eragin dizkio Gipuzkoako Foru Aldundiari. Orain arteko diru publikoaren xahuketa aurreko agintariek eginiko kontratu aldaketari egotzi dio Ugartek.

Horren haritik, kontratua bertan behera uzteko asmoa agertu du hainbat alditan diputazioak, administrazio publikoarentzat “kaltegarria” delakoan. Kontratua baliogabetzeko lanetan hasi zen orduan aldundia, eta behin behineko neurriak eskatu zituen. Auzitegiek erabakiak hartu beharko lituzketela iragarri zuen Ugartek. Bidelanek, aldiz, kontratuan eginiko aldaketek “legezko berme guztiak” zituztela nabarmendu zuen, eta bidezkotzat jo zuen ituna. Gainera, aldundiari leporatu zion ibilgailuen zirkulazio beherakada, agindutako azpiegiturak (Donostialdeko Bigarren gerrikoa, eta Oriotik Eibarrerako AP8ko hirugarren erraila) hitzemandako epean egin ez zituelakoan.

Kontratuak bertan behera utziz gero, bi bideen kudeaketa diputazioak berak hartuko lukeela zioen aldundiak, dirua aurreste aldera. Administrazio publikoaren kontrolpean jartzea zuen helburu, eta, kudeaketa bere gain hartzeaz gain, Bidelanen diharduten 200 bat behargin Bidegin ere jarraituko lukete lanean. Hala eta guztiz ere, 2018a bitartean, gutxienez, Bidelan enpresa pribatuak kudeatuko ditu AP1 eta AP8 errepideak.

Epaileak bi erakundeen arteko ituna ikertzean hasi zen, diputazioaren eskariz. Hala, hilaren 7an onartu zuen auzi eskea eta tramitera bideratu du aste honetan bertan. Bide judizialari ekinda ere, une oro negoziatzen segitzeko prest agertu da aldundia, eta azkenean Bidelanekin ados jartzea lortu du.

Zertaz arduratzen da Bidelan?

Gipuzkoako Foru Aldundiak Bidegi sozietate publikoa eratu zuen 2000ko hamarkada hasieran, herrialdeko errepideak kudeatzeko asmoz. AP8 eta AP1 errepideen mantentzea, ordea, azpikontratatuta dauzka Bidegik, eta Bidelan SA enpresa pribatuak irabazi zuen bi bide horiek kudeatzeko lehiaketa. AP8aren eskumena 2003an eskuratu zuen, eta AP1arena 2005ean. Hamar urterako sinatu zituzten bi kontratuak. Edonola ere, itun berriarekin bi errepideen ardura 2018ra arte luzatuko zaio Bidelan enpresa pribatuari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.