Bidegiren eskumenak aldatzea erabaki du gaur Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatuen kontseiluak. Aurrerantzean, bidesariak kobratzeaz, eta horretarako erabiltzen diren azpiegiturak mantentzeaz arduratuko da Bidegi.
Diputazioak bere gain hartuko ditu, berriz, AP-8, AP-1 eta GI-632 errepideen mantenu, kudeaketa eta finantzaketa lanak.
Larraitz Ugarte diputazioko bozeramaileak eman du erabakiaren berri. Bidegik administrazio kontseiluan onartu beharko du erabakia, eskumenak aldatzeko.
Onartutakoan, diputazioko Mugikortasun eta Bide Azpiegituren departamentuak hartuko du errepide horien ardura. Departamentu horrek lan talde "handia" duela zehaztu du Ugartek, eta lanak bere gain har ditzakeela. "Baliabideen eraginkortasuna" bilatzea da aldaketaren helburua, Ugartek azaldu duenez.
Bidegiren esplotazio gastuak "oso altuak" direla erantsi du, beste errepide batzuetara diputazioak bideratzen dituen diru ekarpenekin alderatuta.
"Gastua kontrolatu ahal izateko, beharrezkoa da bi instituzioen arteko hitzarmena aldatzea", erantsi du.
Ez da desegingo
Eskumenak aldatu arren Bidegi ez dutela desegingo zehaztu du foru bozeramaleak.
900 milioi euro inguruko finantza zor metatua du Bidegik, eta zor horri aurre egin behar dio.
"Bidegi oso egoera larrian dago horri aurre egiteko", azaldu du Ugartek: "Gastu oso altuak ditu, eta hori guztia optimizatu egin behar dugu, foru erakundeak kontrol handiagoa hartuz".
Hausnarketa horren bidetik, foru aldundiak erabaki du "birpentsatu" egin behar direla Bidegiren funtzioak.
Kontratu "blindatuak"
Kazetariei erantzunez, Bidegiko lau langileren kontratu "blindatuei" buruz ere hitz egin du bozeramaleak.
Igandean Gara egunkariak kaleratu zuen informazioaren arabera, Bidegiko lau zuzendarietatik hiruk eta idazkari batek kontratuak "blindatuta" dituzte.
Kaleratu nahi izanez gero, milioi bat euro baino gehiagoko kalte-ordainak eman beharko lizkieteke lau langileei.
Ugarteren esanetan, halako jokabideak "onartezinak" dira sozietate publikoetan.
Bozeramaileak azaldu du 2011ko urriaz geroztik zutela kontratuak hausteagatiko kalte-ordain horien berri.
Eta datu berri bat eman du: Bidegiko langileak kontratatzeko hautaketa prozesuen dokumentu guztiak ez daudela Bidegiren egoitzan, alegia. "Ez dira guztiak agertu".