Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen kontseiluak Bidelanen kontratuaren kaltegarritasun adierazpena onartu du gaur, ekainean kaltegarritasun txostena abiatu ondoren. Bidelanekin eginiko kontratua kaltegarria dela uste du diputazioak, argudiatuta enpresa pribatu horrek "inolako arrisku printzipiorik pairatu gabe" etekinak jasotzen dituela.
2010ean aldatu zuten kontratua, eta horren ondorioz, 2009tik 2012ra bitartean, Bidelanek 15,6 milioi euro gehiago jaso zituela ohartarazi du aldundiak. "Horregatik guztiagatik, Foru Aldundiak erabaki du Bidelanekin duen kontratua eteteko eta baliogabetzeko prozedura administratiboa abiatzea, kontratuaren azken erabakia epaitegiek har dezaten", adierazi du Larraitz Ugarte Gipuzkoako Bide Azpiegituretako diputatuak.
Bidegiren egoera kritikoa ekarri du gogora Ugartek, eta prozedura abiatu izana justifikatu. "Paradoxikoa da enpresa pribatuak etekinak jaso eta Bidegi sozietate publikoak, berriz, zorra pilatzea. Aldundiak askotan salatu izan du egoera hori, eta hainbat pauso ematea erabaki du alde horretatik ere. Ez da pauso bakan bat; Bidegik ataka zailean jarri gaitu, eta ataka horretatik ateratzeko hainbat erabaki hartu behar izan ditugu", adierazi du Ugartek.
Gaiari buruz "Bidelanekin hitz egitea eta adostasunen bat lortzea" da aldundiaren asmoa, "Bidelan Bidegitik irteteko modua negoziatzea". Ugartek jakinarazi du langile batzordeekin ere hitz egin duela diputazioak; Bidelaneko langile diren horiek Bidegiko langile izatea nahi du aldundiak.
Bidegik kontratua berreskuratu eta kudeaketa "zorrotzagoa" egin dezakeela uste du Ugartek; 12 milioi aurrez ditzakete horrela, haren esanetan. “Uste dugu diru publikoa tarteko denean gastuaren kontrol zorrotza egitea behar-beharrezkoa dela, gastuen justifikazioa egin behar dela”.