Gipuzkoako Foru Aldundiak herrialde horretan jarri nahi dituen bidesariak "sozialki bidegabeak eta ekonomikoki jasangaitzak" direla uste du Hiru sindikatuak, eta, horregatik, egitasmoa bertan behera uzteko eskatu dio.
Diputazioak, urte eta erdiko eztabaidaren ostean, ekainean ezagutarazi zuen Gipuzkoako errepideetan bidesari berriak jartzeko zer egitasmo duen. Urtean 38 milioi euro jasotzea espero du sistema horrekin, errepideen mantentze lanei eta Bidegiren zorrei erantzuteko asmoz.
Proposamena "sakon" aztertu duela adierazi du gaur Hiru garraiolarien sindikatuak. Sektorea lagundu nahi badu bidesari berriak jartzeko asmoa bertan behera utzi behar dela ondorioztatu du.
Bidesari berrien kostua garraiolariek hartu beharko dute, sindikatuaren esanetan, eta hori garraiolariek gaur egun duten egoerarekin "ezinezkoa" dela erantsi du.
Sindikatuak diputazioari onartu dio bidesari berrien sistemak garraiolariei eragingo liekeen kaltea arintzen saiatzeko borondatea. Diru laguntzak eta hobariak emateko asmoa du diputazioak. "Baina, hala ere, uste dugu alternatibarik ez duten errepideetan bidesariak ezartzea akats larria dela, jakinda bidesariak ordaindu beharko lituzketenak —kargatzaileak, hain zuzen— ez dituztela ordainduko, eta tokiko garraiolari autonomo txikiek ordainduko dituztela".
Sindikatuak erantsi du Bidegiren egungo zorra AP-1 autobidearen eraikuntzari lotua dagoela. Salatu du azpiegitura horrek ez zuela batere justifikaziorik izan, ez bazen eraikuntza enpresei "mesede" egitea. Horregatik, erantsi du Bidegiren zorra ez dela "zilegia" eta "gizarte osoari" hori ordainaraztea ez dela justua.