Bidesariak

Bidesarietan «Europako logikari» erantzuten dio Gipuzkoak, Olanoren esanetan

Espainiako Gobernuak iragarri du 2024rako bidesaria ezarri nahi duela autobia guztietan. Hegoaldean, hiru aldundiek eta Nafarroako Gobernuak dute errepideen gaineko eskumena

N-1 autobia. XABIER MARTIN / FOKU
2021eko maiatzaren 6a
15:59
Entzun

Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak autopistetan eta autobietan bidesariak ezartzea babestu du, eta gogorarazi Gipuzkoak jada erantzuten diola «Europako logika» horri. Haren arabera, ahalmen handiko bideak bidesarien bidez finantzatzen ez badira, zergen bidez finantzatuko dira, «eta horrek zama handia sortuko du administrazioarentzat».

Marisa de Simon Ezkerrako Nafarroako parlamentariak, aldiz, kritikatu egin du neurria, eta adierazi «guztiz antisoziala» dela.

Hala erantzun diote atzo Espainiako Gobernuak iragarritako neurriari: esan zuen estatuko autobia guztietan bidesariak jartzea aurreikusten duela 2024rako. Neurriak, ordea, ez luke eraginik izango Hego Euskal Herrian. Izan ere, lurralde bakoitzeko agintariek dute erabakitzeko eskumena, eta Hegoaldean hiru aldundien eta Nafarroako Gobernuaren esku dago bakoitzak bere errepideetan ezarri nahi duen politika erabakitzea. Beraz, printzipioz, Espainiako Gobernuaren neurria ez litzateke Hegoaldean aplikatuko. Hala argitu du Bizkaiko Diputazioak. «Espainiako Gobernuak neurri hori eskumenak dituen errepideetan ezar dezake. Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban, badaude politikak zehaztuta».

Espainiako neurria

Bi printzipiotan oinarritzen da Espainiako Gobernuaren erabakia: «Kutsatzen duenak ordaintzen du» eta «erabiltzen duenak ordaintzen du». Hala, 2024rako autobia guztietan ezarri nahi du bidesaria. Jakinarazi zuen «kontzientziazio eta sentsibilizazio» kanpaina bat abiatuko duela neurriaren beharrezkotasunaz ohartarazteko. Bestalde, azpimarratu zuen neurria indarrean jartzeko akordio soziala eta politikoa bilatuko duela.

Espainiako Gobernuak argitu zuen sistema «mailakatua» izan daitekeela; hau da, hasieran autobietara mugatuko litzateke neurria, baina atea ireki dio beste errepide sareetan ere ezartzeari. Arrazoi nagusietako bat errepideen mantentze lanak dakarren gastuari aurre egitea litzakete.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.