BAKEAREN ALDEKO ALKATEEN KONFERENTZIA

Bieter: "Euskal diasporako kideek lan egingo dugu autodeterminazio eskubidea errespetatua izan dadin"

Gatazkak bideratzen aurrera egiteko guneak eta ekimenak jarri dituzten hirietako alkateen ikuspegiak azaldu dituzte gaur, Bakearen Aldeko Alkateen Konferentziaren bigarren eta azken jardunaldian. Atzo hasi zuten konferentzia, "biktima guztiak" aintzat hartuta.

jokin sagarzazu
2013ko urriaren 11
19:19
Entzun

Nazioarteko alkateen bake konferentziak bigarren eta azken eguna egin du gaur. Hiru mahai inguru egin dira, goizez, Donostiako Kursaal jauregian.

Saioa amaituta, Juan Karlos Izagirre alkateak aurreko astean zendutako Pete Cenarrusa Amerikako Estatu Batuetako Idahoko estatu idazkari izandakoaren lana nabarmendu du, eta David Bieter Boiseko alkateari oroigarri bat eman dio hango udaletxean gorde dezaten. Nazioartetik etorritako eragile guztien parte hartzea eskertu du Izagirrek, eta elkarbizitzarako kulturaren garrantzia azpimarratu. Euskal Herriaren kasuan, egin beharreko bidea “luzea” izango dela adierazi du eta atzo parte hartu zuten Euskal Herriko hiru alkateen ekarpena nabarmendu du. Bide horretan jarraitzeko deia egin die hiru alkate horiei eta guztiei oro har. 

Aurretik, gatazkak bideratzen aurrera egiteko guneak eta ekimenak jarri dituzten hirietako alkate edo ordezkariek hartu dute hitza goizeko mahai inguruetan. Bigarrenean, David Bieter Boiseko alkatea (AEB), Serhat Temel Batmanekoa (Kurdistan) Stefania Amato Milango Udaleko Nazioarteko Harremanen ataleko kidea (Italia), Kurt Ryon Steenokkerzeeleko alkatea (Flandria), Jan Loones Koksijdeko alkateordea (Flandria) eta Jordi Martí i Galbis Bartzelonako Udaleko Presidentzia eta Lurralde zinegotzia (Herrialde Katalanak) aritu dira hizketan, eta Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendari moderatzaile lanetan.

Lehena hitza hartzen David Bieter izan da. Euskaraz, bere euskal jatorria gogoratu ondoren, Idahoko Boise hiriari buruzko azalpen batzuk eman ditu. Ingelesez azaldu du Euskal Herriko bake prozesua laguntzen Boisetik eginiko lana. Idahon euskal jatorria duten 50.000 lagun inguru bizi dela gogoratu du. Horien artean nabarmendu du aurreko astean hildako Idahoko estatu idazkari ohi Pete Cenarrusak eginiko lana. Esan du ahalegin irmoa egin zuela Euskal Herriko egoera AEBetan zabaltzeko, frankismo garaian eta gerora ere. Ondoren, Cenarrusarekin batera eginiko lanaz mintzatu da. Azaldu du 2001ean Espainiako Gobernuaren ordezkari batek nola ukatu zion Euskal Herrian arazo politkoa zegoenik, arazoa poliziala zela. Hala ere, autodeterminazioaren eta indarkeria amaitzearen alde adierazpen bat onartu zuten Idahoko Parlamentuan, eta horrek ere eragin zuen Espainiako Gobernuaren ordezkariaren haserrea, AEBetako gobernuaren esku hartzea eragiteraino. “Horrek mesede egin zigun, egoeraren berri zabaldu baitzen mundu osora”. Bieterrek bere hitzaldia amaitu du euskal diasporak konponbidearen alde egin dezakeen lana azpimarratuz: “Euskal diasporako kideek bat egiten dugu autodeterminazio eskubidearen alde, eta gure babesa beti izango duzue; eskubide sinplea da eta errespetatu beharrekoa. Guk ahaleginak egingo ditugu eskubide hori errespetatua izan dadin”.

Serhat Temel Turkiako Kurdistaneko Batmaneko alkateak tokiko errealitateak Kurdistango bake prozesuari zer eskaintzen dion azaldu du. Zentro zibikoen bitartez lan handia egiten ari direla adierazi du, eta bake bideak gizarte zibilarekin batera inplementatzen ari direla. Era berean, munduko herri ezberdinekin anaikidetasun hitzarmenak egiten ari direla adierazi du, bake eta giza eskubideen alde, eta mugaz bestalde ere, Siriako Kurdistanen ere lan egiten ari direla. Temelek azaldu du gatazkak zauri larriak eragin dituela Batmanen. Bereziki, hildakoak izan ditu gogoan, atentatuetan hildakoak eta horien ondorioz beren buruaz beste egindako emakumeak. Hainbat ikerketa sustatu dituzte heriotza horiek eragindako ondorioei buelta emateko. Eta hainbat proiektu jarri dituzte abian. Azpimarratu du emakumeen alorrari indar berezia ematen ahalegindu direla. Kurduen gatazka ezin da konpondu sektore ezberdinetako politikoak kartzelan sartuz, eta preso kurdu guztiei elkartasuna helarazi die.

Stefania Amatok, berriz, adierazi du beharrezkoa dela gatazkak bizi dituzten herriei elkartasuna eta laguntza helaraztea. Gogoratu du gatazkak dauden herrietan ongizate gizartearen oinarriak desagertzen direla. Milango Udaletik garapen kooperazioan eginiko lana azaldu du, Jugoslavian, Albanian eta Saharan, besteak beste. Lan komunitarioaren garrantzia nabarmendu du Amatok, gatazkak bizi dituzten herrialdeetan eta baita ere gatazka horiengatik alde egin behar izan dutenen artean. “Bake giroan sartzeak beste lehentasun, beste jokamolde batzuk onartzea dakar”. Ezberdinen arteko elkarrizketen garrantzia nabarmendu du, eta horiek garatzeko baliabideak jartzea. Horren harira, beharrezkotzat jo du tokian tokiko eragileak eta funtzionarioak prestatzea, eta nazioartean arrakasta izan duten egitasmoetatik asko ikas daitekeela adierazi du.

Jordi Marti i Galbisek Bartzelonako alkatearen izenean parte hartu du konferentzian. Bartzelonak “bakearekin, paktuarekin eta kontsentsuarekin” konpromiso sendoa duela azaldu du, “Erdi Arotik gaur eguneraino”. Udala biktima “guzti-guztien” ondoan egon dela, bakea beti eskatu eta elkarrizketa bideak irekita uztearen alde agertu dela azaldu du. Azken urteetan CIUren gobernuak Bartzelonako alkatetzan eginiko lana azaldu du. Bake prozesu guztiekin konprometituta dagoela adierazi du, eta 2016ra arte iraungo duen plan bat jarri duela martxan, udal talde guztien adostasuna duena. Balkanetako gerrekin abiatu zituzten gisa horretako planak, Bartzelonako herritarren artean ikusi zuten kezkak eta elkartasunak bultzatuta. Bakearen aldeko lanak sarean egin behar direla uste du Marti i Galbisek, eta erakunde publiko eta pribatuaren arteko lankidetza defendatu du; irabazirik gabeko erakundeekin, unibertsitateekin, fundazioekin.... Balkanetako gatazkaz gain, ekialde hurbilera begira ere hainbat plan dituztela azaldu du, bereziki Palestinako herrietan “sufritzen” ari direnei babesa emateko. Saharako gatazka ere izan da Bartzelonako Udalaren lehentasuneko bat. Pertsonen aurkako minen aurkako kanpainetan ere bulu belarri dabiltza. Eta, azkenik, Kolonbiako bake prozesuarekin ere lotura estua dutela adierazi du. Senatuko eta goi ganberako ordezkeriekin harremanak dituztela, gobernuaren eta FARCen arteko elkarrizketetan herritarren parte hartzea ziurtatzeko egitasmoak garatuz. Gisa horretako lankidetzak etorkizunerako txertoa izan daitezke, Marti i Galbisen arabera, eta Bartzelonako Udalak bake prozesu guztietan laguntzeko borondatea duela berretsi du.

Flandriako ordezkariek itxi dute goizeko bigarren mahai ingurua. Steenokkerzeeleko alkate Kurt Ryonek euskaraz abiatu du bere hitzaldia, euskal preso guztiei eginiko omenaldi gisa (bera ere arrazoi politikoengatik preso egon zela kontatu du). Bere belaunaldiak ez duela indarkeria politikorik ezagutu adierazi du, baina bai “krispazioa”. Flandriako gizartean bakearen ideia “txertatua” dagoela adierazi du. Historian atzera egin du, Lehen Mundu Gerrara. Gerra horrek Flandriako oroimen kolektiboan bizirik jarraitzen duela azaldu du, eta “trauma” bat izaten jarraitzen duela. Hori hala, nabarmendu du Flandriako herritarrek gatazkan bizi diren herriekiko elkartasuna agertzeko joera dutela. Flandriko udal askok bakearen aldeko ekimenak sustatzen dituztela azaldu du, lehenetasuna ematen diotela horri, eta diru asko inbertitzen dutela horretan. Flandriarren “independentziarako grina” lehen mundu gerratik dator, Ryonek azaldu duenez. Belgikaren alde egin zuten gerra, haien eskubideak errespetatuak ez ziren arren. Eskubide horiek ez dira errespetatu ondoren ere eta independentziaren aldeko grina handituz joan da, “beti bide baketsuak erabilita”, Ryonek azaldu duenez. “Espero dut hurrengo belaunaldiek ez bizitzea indarkeria eta zapalkuntza politikoa”.

Jan Loones Flandriako beste ordezkariak Koksijde alkatetzak bakearen alde sustatutako egitasmoak azaldu ditu; bereziki “memoriaren turismoa” deiturikoan egindako lana, eta guda zelai izandakoetan eginiko zenbait interbentzio azaldu ditu. Horrekin batera, hainbat azpiegitura sortu dituzte bakearen kultura hori zabaltzeko eta hezkuntza planak egin dituzte. Ryonek bezala, Loonesek ere azpimarratu du flandiarren DNAn txertatuta dagoela bakearen kultura. Flandiarrek beren kultur identitatea besteekiko errespetuan bizirik mantendu nahi dutela adierazi du Loosek. “Bakea guretzat ezinbestekoa da demokraziarekin batera”.

“Memoria berreskuratzea ezinezkoa da erabaki politikorik gabe”

Gatazka konpontzen aurrera egin ondoren horren ondorenari aurre egin behar dioten hirietako alkateen ikuspegia ezagutu dute aurrena, Iñaki Soto Gara egunkariko zuzendariak gidatuta. Horacio Javier Rios Rosarioko (Argentina) Udaleko Kultura eta Hezkuntza idazkaria, Pedrina Rivera Suchitotoko alkatea (El Salvador), Caomhin Mac Giolla Mhin Belfasteko (Irlanda iparraldea) zinegotzia eta Enrique Jose Armas Managuako (Nikaragua) alkateordea aritu dira solasean, Gara egunkariko zuzendari Iñaki Sotok moderatuta.

Rosario hiriko Memoriaren Museoaren adibidea azaldu du Javier Riosek. Aurreko esperientzia autoritarioak bizitza sozial eta politikoan errotuak zeudela adierazi du, eta horiek suntsitzeko lan handia egin behar izan zutela tokiko erakundeetatik; “heziketa eta politika publikoen baloreen bidez”, bizikidetza sustatzen ahalegin berezia eginez. Iraganeko memorian oinarritutako  egitasmoak sustatu dituztela azaldu du, bizikidetzan gertatutako haustura berriro gerta ez dadin, “galdutako kontzientzia berreskuratzeko”. Eta azaldu du heziketa prozesu horren parte dela museoa, “lanabes pedagogiko bat” dela: “Museoa ez da memoriaren historia bakarrik, gogoetarako gune bat da”. Riosen arabera, memoria soziala berreskuratzeak eztabaida handiak eragin zituen, baina instituzioek lan hori egin behar dutela azpimarratu du. “Memoria berreskuratzea ezinezkoa da erabaki politikorik gabe”. “Iraganeko memoria ezagutzea ezinbestekoa da etorkizunari behar bezala aurre egin ahal izateko”.

Pedrina Riverak, berriz, 80. hamarkadan El Salvadorren izandako gerrak Suchitotoko hirian eragindako kalteak gogora ekarri ditu. Ehundaka hildakoez gain, hiria erabat suntsituta geratu zela eta ia hutsetik abiatu behar izan zutela azaldu du. FMNL zazpi legealdi izan da jarraian alkatetzan, eta Riverak azaldu du udalak garatutako planetan herritarrak jarri dituztela erdigunean. Oinarrizko zerbitzuak ziurtatu eta garapen ekonomikoa sustatzea izan dute helburu plan horiek, eta bide horretan sortzen ari diren arazoei aurre egiteko tresnak jarri dituzte. “Jendea antolatuta badago arazoei aurre egitea posible izango da”. Ingurumen, gazteria, berdintasun, giza eskubide eta beste batzorde batzuk sortu dituzte herritarren arteko iritziak elkar trukatzeko.

Belfasteko zinegotzi Caoimhin Mac Giolla Mhinek “atzean utzi behar diren” jarrerez mintztatu da. Horri buelta emateko prozesuak luze jo zuela azpaimarratu du, jende asko zegoela eta dagoelako “bakearan aurkako borrokan”. “Batzuek oraindik ez dute bakerik nahi, gauzak aldatzerik nahi”. Iraganeko zauriak sendatzea da gure betebeharra, etorkizun hobe bat sortzea. Denok batera lan egin behar da, bereziki, gatazkak gehien jo dituen eragileak: langileak, presoak...”. Mhinek azpimarratu du, Ipar Iralandako gatazkaren kasuan, presoak funstezkoak izan direla, Belfasten ehundura sozilean duten pisuagatik, eta horregatik bizikidetza sustatzeko informazio eta elkarrizketa programetan gako izan direla; hala ere, azpimarratu du aurrera egiteko ezinbesteko baldintza izan zela presoak askatzea. Aurrera egiteko beste erronken artean, hazkunde ekonomikoa eta aniztasuna nabarmendu ditu. “Ezinezkoa da XXI. mendeko erronkei aurre egitea aniztasuna onartu gabe, eta Belfasteko gutxiengoak gako dira prozesu horretan”. Mhinek azaldu du berdintasun eta elkarrenganako errespetua direla Belfasteko alkatetzaren “lelo nagusiak”. “Elkarren beharra daukagu aurrera egiteko”. Elkarrenganako errespetuan, kulturen garrantzia azpimarratu du. “Batzuk mehatxatzailetzat jotzen gaituzte gaelikoz hitz egiteagatik; ez gaude inolako intolerantziarik onartzeko prest”.

Azkenik, Enrique Jose Armas Managuako alkateordeak Nikaraguako egoeraren berri eman du. Somozaren diktaduraren ondoren, Sandinismoak desegindako herri bat altxatu behar izan zuela azaldu du, baina azpimarratu du urte horietako gerra eta blokeo ekonomikoak zaildu egin zutela prozesu hori. 1990ean amaitu zen gerra eta eskumako alderdiek boterea hartu zuten, 2007ra arte. Urte horiek guztiek ondorio ekonomiko eta sozial larriak eragin zituzten, Armasen arabera. Egun egoerari buelta ematen ari diotela azaldu du: oinarrizko baliabideak herritar guztiei ahalbidetzea izan da erronka nagusietako bat. “Giza eskubidearik ez dago oinarrizko zerbitzuak ez badira ziurtatzen: janaririk gabe, hezkuntzarik eta osasunik gabe”. 80. hamarkadako gerra egoera eta krisi ekonomikoa gainditu eta gaur “armonian eta bakean” bizi den herria dela esan du. Familien eta emakumeen lana azpimarratu du.

“Gure estrategia demokraziarena da”

Ondoren, Milja Radovic eta Sinam Mohamadek jardun dute. CITSEE Jugoslavia Ohiaren Ondorengo Herrialdeetan Herritarrak Europartzearen proiektuko ikerketa-kideko kidea da Radovic, eta Kurdistan Mendebaldeko Herriaren Kontseilukoa Mohamad.

Sinam Mohamadek Siriako kurduen egoera azaldu du. Siriaren egungo egoeran, “batzuekin edo besteekin” bat ez egitea erabaki dutela azaldu du, gatazkak luzerako joko duelako eta autodefentsa moduan, beren eskubideak defendatzen jarraitzeko. “Gure estrategia demokraziarena da”, nabarmendu du. Mohamadek azaldu duenez, haiek arduratzen dira beren lurraldeko administrazioaz eta gainerako jendearekin partekatzen dute boterea. Egungo egoeran, autodefentsarako unitateak antolatu dituztela azaldu du, jendea guztia babesteko unitateak direla azpimarratu du. “Guk bakea nahi dugu, demokrazia nahi dugu gure errejiorako. Denek lekua eta eskubideak izan dezaten nahi dugu demokrazia: izan arabiarrak, kurduak, kristatuak...guk denak babesten ditugu”. “Nazioartearen babesa eskatu du. “Sirian denek nahi dute borroka eta beraiena bakarrik errespetatzea eta bultzatzea”. “Gu bakean tematuta gaude, Kurdistan osoan, Iraken, Turkian edo Sirian”, berretsi du.

Milja Radovicek, berriz, Jugoslavia ohia gogoan hartuta, esan du gatazka armatu bat amaitzeak ez duela halabeharrez bakea ekartzen, eta azpimarratu du bakea eraiki behar dela, prozesu bat dela. Horren harira, komunitatean lan egitearen garrantziaz nabarmendu du komunitateak elkar hizketan jartzearen garrantziaz. Horretarako Radovicek azaldu du oso baliagarriak direla “bakearen kultura” zabaltzeko kultur ekitaldiak. Edinburgon gisa horretako hainbat proiektu garatu dituztela azaldu du. Adierazi du ekitaldi horien helburuadela ixilik dauden edo gutxi ordezkatuta dauden ahotsak entzunaraztea. Horren harira esan du entzuteko ahalmena lantzea ezinbestekoa dela. “Jakin behar dugu gatazkan dauden aldeak eta biktimak entzuten”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.