Bigarren dosirako AstraZeneca hautatzeko era ematearen alde agertu da Espainiako Bioetika Batzordea

Espainiako Gobernuak emandako epaia berretsi du batzordeak, eta, Pfizer hobesten bada ere, herritarrek baimena izango dute AstraZenecarekin txertatzeko. EMAk AstraZenecaren txertaketa pauta osatzearen aldeko irizpideak eman ditu

Erizain bat AstraZenecaren dosi bat prestatzen. BIENVENIDO VELASCO/EFE
Maria Ortega Zubiate
2021eko maiatzaren 21a
15:31
Entzun

Atzotik begirada guztiak zituen gainean Espainiako Bioetika Batzordeak: AstraZenecarekin txertatutako 60 urteko herritarrek bigarren dosia ere etxe horretakoa hartzeko aukera eman zuten gobernuak eta erkidego arteko batzordeak, eta Bioetika Batzordearen onespenaren zain zeuden. Batzordeak gaur eman du epaia, eta loteslea ez bada ere, gobernuaren erabakiaren alde egin du. Hori horrela, Espainiako Gobernuak bigarren dosia Pfizerren txertoarena izatea hobetsi badu ere, herritarrek AstraZenecaren bigarren dosia hartzeko aukera izango dute, inprimaki bat sinatzen badute.

Espainiako Gobernuak iragarritako neurria Karlos III.a Unibertsitateak egindako ikerketa batean oinarritu dute. Izan ere, AstraZenecaren lehen dosia hartu zuten 60 urtetik beherakoen bigarren dosiari begira jarri ziren, EMA Sendagaien Europako Agentziak AstraZenecaren txertoak zenbait txertatuk jasandako odolbilduekin harremana zuela baieztatu eta gero. 600 boluntario inguru txertatu dituzte Pfizerren dosiekin, erantzun immunologikoa aztertzeko. Hain zuzen ere, gobernuaren erabakia lau astez atzeratzea ekarri zuen ikerketak, oraindik emaitzak jaso gabe baitzeuden. Emaitzek bi txertoak uztartzea eraginkorra zela baieztatu eta gero ezarri du neurria Espainiako Gobernuak. Espainiako Gobernuaren erabakia EMAk emandako irizpideen aurka doa, Europako agentziak espresuki adierazi baitu AstraZenecaren txertoen pauta bukatzea dela egokiena. Gobernuaren erabakiari baiezkoa eman dio, ordea, Bioetika Batzordeak. 

Hain zuzen ere, batzorde hori izango da AstraZenecarekin txertatzea nahi dutenek bete behar duten inprimakia sortzearen arduraduna. Hori hartu nahi dutenek sinatu egin beharko dute AstraZenecaren txertoak eragin dituen odolbilduen kasuak ezagutzen dituztela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.