Bigarrenez atxilotu dute gizon bat Internet bidez sexu erasoak egiteagatik

Sare sozial bat baliatuta harremanetan jarririk, prostituziora bultzatu zituen hainbat gaztetxo; espetxean dago jadanik

Erredakzioa
Bilbo
2011ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Bigarrenez atxilotu eta espetxean sartu dute Bilboko gizon bat, Internet baliatuz hainbat adingaberi sexu erasoak egin dizkielakoan. Tuenti sare soziala erabiltzen zuen adingabeekin harremanetan jartzeko, eta diruaren truke sexu harremanak izatera bultzatzen zituen ustez. Sexu abusuak egitea eta adingabeak prostituziora bultzatzea egotzi dizkiote. Hala jakinarazi du Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak. Epaileak aginduta, atzo sartu zuten espetxean ustezko erasotzailea.

Tuenti sare soziala baliatu zuen gizonak, ustez. Identitate faltsua erabilita, mutil gazte bat zela sinetsarazi zien hainbat adingaberi. Areago, Herrizaingo Sailak zabaldu du horietako zenbaitekin telefonoz hitz egin zuela. Diru truke sexu harremanak izatera bultzatu zituen. Orain bi hilabete ere atxilotua zuten, orduan ere Internet bidez sexu erasoak egitea egotzita. Urruntze agindu bat hautsi izana ere leporatu diote.45 urte ditu ustezko erasotzaileak.

Durangon (Bizkaia), mintzatoki bateko langile bat atxilotu zuten atzo, emakume bati sexu erasoa egiten saiatu delakoan. Andreak berak eman zien abisu ertzainei, erasotzailearengandik ihesi komunean gordeta. Jakinarazi zien hainbat ukitu egin zizkiola eta bortxatu nahi izan zuela. 21 urte ditu atxilotuak.

Etxean egin diote ustez eraso Bermeoko (Bizkaia) andre bati. Bi urtean behin eta berriz bikotekideak jo eta bortxatu egin duela salatu zuen emakume batek, eta herio mehatxuak egin dizkiola. Herenegun jo zuen Ertzaintzara, eta 30 urteko gizona, ustezko erasotzailea, atxilo eraman zuten. Iruñean ere bikotekide ohiaren mehatxuak salatu ditu emakume batek. Umeak bisitatzeko egunen banaketa ez zuen onartu gizonak, eta ustez mehatxu egin zion emazte ohiari, eta familiako beste batzuei, presio. Foruzaingoak atxilotu egin du 55 urteko gizona.

Poliziak, Giraldoren epaiketan

Yamiled Giraldoren hilketaren epaiketak laugarren saioa izan zuen atzo. Foruzainek deklaratu zuten. Haien arabera, bi auzipetuk polizia etxean adierazi zuten hilketaren nondik norakoa, eta hilketa Jose L.-k agindu zuela aitortu zuten. Epaiketan ez dute hori esan auzipetuek. Poliziek ukatu egin zuten presionatu zituztela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.