Batasunak doluminak helarazi dizkie ezker abertzalearen izenean Itziar Aizpurua haren emazteari, Gorostidiren senide eta lagunei. Pernando Barrenak azpimarratu du Jokin Gorostidi "militante erreferentziala" izan dela. Burgosko prozesuan zigortua izan zenetik, orain 18/98 auziko epaiketan auzipetuta egon den arte. Auzipetze horiek guztiak, Euskal Herriaren alde borroka egiteagatik jasan dituela azpimarratu du Batasuneko kideak. Barrena ezezik, Arnaldo Otegi, Joseba Permach, Itziar Aizpurua, Jone Goirizelaia eta Xabi Larralde egon dira agerraldian.
Azpimarratu dute Gorostidik eta bera bezalako hainbat gizon eta emakumek egindako lanagatik dagoela Euskal Herria egun dagoen egoeran.
Hil kapera Debako udaletxean
Jokin Gorostidi ezker abertzaleko militante historikoaren hil kapera eguerdian jarri dute Debako Udaletxean, herritarrek zein militantzian kide izan dituenek azken agurra eman diezaioten. Gorostidi atzo hil zen, 61 urte zituela, Donostiako Ospitalean. Joan den ostiralean bihotzekoa eman zionetik erietxe horretan zegoen oso larri. '18/98 auziko' epaiketan deklaratu behar zuen astelehenean Gorostidik, baina hiru egun lehenago izan zuen bihotzekoa.
Hain justu, maiatzaren 8 arte eten zuen epaiketa joan den astelehenean Anjela Murillo 18/98 auziko epaimahaiburuak, tarte horretan Gorostidi senda zitekeela iritzita.
1944an Tolosan (Gipuzkoa) jaio zen Gorostidi, eta gaztetan sindikalismoari eta langileen eskubideen aldeko borrokari lotu zitzaion. Handik ETAra egin zuen jauzi 60ko hamarkadaren amaieran. Burgosko prozesuan bi heriotza zigor jarri zizkioten, baina, azkenean, beste auzipetuei bezala, espetxe zigorragatik trukatu zioten. 1977an irten zen kartzelatik, baina Burgosen zigortutako beste zenbait preso bezala, Bruselan erbesteratuta egotera derrigortu zuten.
Zigor hori ez zuten bete, ordea: bi hilabete baino lehenago hautsi egin zuten agindu hori, eta Durangon egin zuten agerraldia, Askatasunaren aldeko Ibilaldian.
Denbora gutxiren buruan, 1978an, Herri Batasunaren sortzaileetakoa izan zen; Mahai Nazionaleko kide hasieratik 1992 arte. 2000. urtean Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Baltasar Garzonek Xakiren eta HBre nazioarteko taldearen aurkako operazioan inputatu zuen. Horregatik ari ziren epaitzen 18/98 auzian; 15 urte eskatzen zituen haren aurka fiskalak.
Heriotza
Bihar 19:00etan emango diote azken agurra, Deban, Gorostidiri eta omenaldia igandean izango da
Debako Udaletxean gaur jarritako hil kapera bihar 19:00ak arte izango da bertan. Nahi duen orok azken agurra eman ahal izango dio ordura arte Jokin Gorostidi Herri Batasunako Mahai Nazionaleko kide ohiari. Ondoren, Gorostidiren gorpua erraustuko dute. Aurretik, baina, Udaletxe atarian "agur xumea" eskainiko diote ezker abertzaleko militante historikoari. Omenaldia, berriz, igandean izango da 17:30ean Debako plazan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu