berdintasuna

Bihar aurkeztuko dute 'Alardeak, ukatutako plazara' lana, Donostian

2018ko maiatzaren 16a
07:15
Entzun

Aleka bildumako lan berria da Maite Asensio Lozano eta Arantxa Iraola Alkorta kazetariek osatu dutena: Alardea, ukatutako plazara. Liburua bihar aurkeztuko dute, Donostiako Elkar liburudendan, eta hilaren 23an, Irungo udal liburutegian. Nahi duenak, hala ere, eskura dezake jada BERRIA dendan.

Alarde parekidearen aldeko aldarria oinarri hartuta, Irungo eta Hondarribiko kasuak aztertu dituzte kazetariek, eta, horretarako, 80 pertsonaren baino gehiagoren testigantzak bildu dituzte. Asensioren esanetan, gaia aukeratu izanaren arrazoietako bat izan da alardean dagoen gatazka gizarteko beste alor askotan dagoen arren ez dela "hain bortizki adierazten".

Liburuan orotariko iritziak bildu dituzte bi kazetariek, hasi aldarriaren sustatzaileetatik eta gaia ikertu duten antropologoetaraino. Memoria ariketa bat ere egin dute kazetariek, eta saiatu dira alde guztietako testigantzak jasotzen ere, nahiz eta aitortu duten alarde parekidearen alde ez daudenen artetik "nahi baino ahots gutxiago" lortu dutela.

"Genero sisteman aldaketa bat proposatzen da gizartean, eta horrek mugimenduak eragiten ditu. Bestalde, kontuan izan behar da jai oso garrantzitsuak direla eta jendeak oso barneratuak dituela. Hala, jende asko eroso sentitu da jaiak eta eztabaida hori banatuta", azaldu du Iraolak. Ordea, kazetariek argi diote gauza bat eta beste lotuta daudela: "Konturatu behar dugu emakumeentzat zer den plaza publikoa hartzea. Alardean daude gizonezkoak desfilatzen, eta emakumeak, espaloian begira eta txaloka. Desfilea bukatutakoan, berriz, emakumeak etxera doaz lanak egitera, eta gizonak, festara".

Bihar, elkarrizketa osoa irakurri ahal izango da BERRIAn.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.