«Makroproiektuen lanak geldiarazteko eta egungo jendarte eredua aldatzeko ezinbestekoa da presio soziala egitea». Gipuzkoako azpiegitura lan handien kontrako herri mugimenduek herritarrak deitu dituzte bihar 17:30ean Donostiako Bulebarretik abiatuko den manifestaziora. Gipuzkoa desberdin baten alde, jendarte eredua aldatu: azpiegitura lan handiak gelditu! lelopean egingo den manifestazio horren deitzaileak hauek dira: AHT Gelditu! Elkarlana, EHNE, Errausketaren Aurkako Herri Plataformen Koordinakundea, Jaizkibelgo Superportuaren Aurkako Taldea, AHTaren Aurkako Asanblada, PTParen Aurkako Oiartzungo Taldea, Mutriku Natur Taldea eta Gipuzkoa Zero Zabor.
Talde horien arabera, Gipuzkoan eraiki diren proiektu askok ez dute atzera bueltarik, baina presioa egiten jarraitzea «garrantzitsua» da, oraindik mahai gainean dauden proiektuak gelditzeko. Hala nola, abiadura handiko trena, errauste planta, Jaizkibelgo kanpoko kaia, Oiartzun-Lezo-Gaintxurizketako plataforma logistikoa, Donostiako metroa, Hondarribiko aireportuaren hedapena, Zubietako espetxea, ingurabideak eta goi-tentsio lineak. Herri mugimenduen ustez, azpiegitura handien lan horiek «jasanezinak» dira, «ingurumenaren aldetik eta ikuspegi ekonomikotik» begiratuta. Nabarmendu dutenez, egungo krisi ekonomikoren eta herritarren artean dagoen desadostasun handiaren ondorioz, «pitzatu egin da azpiegitura lan handien inguruan orain arte nagusi zen aho batezko adostasun instituzionala». Eztabaida eta hausnarketa aldi bat irekitzeko eskatu dute.
Babes zabala
Larunbateko manifestazioari atxikimendua eman diote hainbatalderdi politikok, talde sozialek eta sindikatuk. Horrez gain, udal batzuetan azpiegitura handien aurkako mozioak onartu dituzte. Besteak beste, Oiartzunen, Lezon, Pasaian, Hernanin, Tolosan, Zaldibian, Seguran, Bergaran, Arrasaten, Oñatin, Aramaion, Elgetan eta Mutrikun.
Bihar azpiegitura handien aurka manifestazioan presioa egitera deitu dute
Deitzaileen ustez, azpiegitura handiak «jasanezinak» dira, ekonomia eta ingurumen ikuspegitik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu