'No Apartheid-Autodeterminazioa' manifestazioa

Bihar Donostian egingo den manifestazioaren debekua altxatu du EAEko Auzitegi Nagusiak

'No Apartheid-Autodeterminazioa' lemapean bihar egingo den manifestazioaren gainean zegoen debekua altxatu du EAEko Auzitegi Nagusiak, antolatzaileek sartutako helegitea onartu eta fiskalak hala eskatuta. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailak manifestazioa debekatu egin zuen Iñigo Balda Donostiako Batasuneko zinegotzi ohiak eta Araitz Zubimendi SAko parlamentarioak bertan parte hartzeko deia egin zutelako. Ministerio Publikoaren arabera, "ezin da manifestazio eskubidea bezalako oinarrizko eskubide bat urratu, manifestazio hori Batasuna-EH-HBk antolatu dutela jasotzen duten frogak aurkezten ez badira".

2003ko abuztuaren 9a
14:05
Entzun
EAEKo Auzitegi Nagusiko Fiskaltzak adierazi duenez, Javier Balza buru den Herrizaingo sailak "ez zuen ordenu publikoari eragingo zionik" argudiatu manifestazioa debekatzeko garaian, eta hori argudiatzea "ezinbestekoa da auzitegi batek manifestazioa debekatzeko".

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo saila Baltasar Garzon epaileak 2002ko abuztuaren 26an eta irailaren 6an kaleratutako autoetan babestu dela dio EAEKo Auzitegi Nagusiak. Auto horien arabera, Batasunak, EHk eta HBk ezingo dute manifestazio edo ekitaldi publikorik antolatu. "Herrizaingo sailak ezin du frogatu biharko manifestazioa Batasunak deitu duenik eta ez Ainhoa Iñigo deitzaileak", azpimarratu du. Iñigo Baldaren eta Araitz Zubimendik manifestazioa parte hartzeko deian bakarrik oinarritzea egotzi dio fiskalak Herrizaingo sailari.

"Gasteizko Gobernuaren erabakia ez da zuzena"

EAEKo Auzitegi Nagusiko Fiskaltzaren arabera, Herrizaingo sailak hartutako erabakia "ez da zuzena", eta debekua bertan behera uzteko eskatu du, Balzaren sailak alegatutakoak "ezin baitu oinarrizko eskubide bat urratu". Argudio horri arrazoitzeko, Espainiako Auzitegi Goreneko eta Nafarroako Auzitegi Nagusiko hainbat epai jarri ditu mahai gainean fiskalak.

Luix Barinagarrementeria abokatuaren esanetan, manifestazioaren deitzailea Ainhoa Iñigo da eta ez du harremanik ez Batasunarekin, ez HBrekin ezta EHrekin ere. Barinagarrementeriaren arabera, manifestazioaren debekuak oinarrizko eskubide baten "urraketa larria" suposatzen du.

Herrizaingo sailak, bestalde, manifestazioa debekatzeko erabaki defendatu du, "Baldak eta Zubimendik prentsaurrekoa eskaini zutenez, manifestazioa Batasunak antolatzen zuela pentsatzen zutelako".

Debekua altxatu eta gero, Manuel Maria Zorrila, Enrique Torrese eta Manuel Diaz de Rabago epaileek manifestazioa ordu eta leku berean mantentzea erabaki dute, fiskalaren eta defentsaren eskariei jarraituz. Manifestazioa bihar arratsaldeko bostetan aterako da Boulevardetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.