Heriotza

Bihar egingo diote azken agurra Luis Goiari

Lezoko (Gipuzkoa) goiko parrokian bihar arratsaldeko 19:00etan egingo dituzte Luis Goia zinema ekoizlearen hileta elizkizunak; ondoren, omenaldia egingo diote atarian adiskideek. Halaber, Donostiako Zinemaldiko Euskal Zinemaren Eguneko ospakizunetan aipamen berezia egingo diote gaur, arlo hori bultzatzen egindako lanagatik. Goia atzo gauean hil zen, 55 urte zituela, joan den ostegunean bihotzekoa izan ostean.

2006ko irailaren 27a
17:11
Entzun
Alberto Barandiaran

Luis Goia zinema ekoizlea Donostian hil zen atzo iluntzean, 55 urte zituela. Joan den ostegunean bihotzondokoak eman eta ondorioz koman sartu zen Donostiako erietxean, oso larri. Eta ez du egoera hori gainditzerik izan. Euskal zinemagintzak bere bultzatzaile nagusienetakoa galdu du horrela, euskaraz filmatutako hainbat lan mugarriren ekoizlea izan zelako Luis Goia (Lezo, Gipuzkoa, 1951. urtea). Orain dela 25 urte sartu zen zinemagintzan, ustekabean ia-ia, eta hor eman zituen bere onenak Goiak.

Zinemarekin lotuta ez ezik, euskalgintzak zor handia du Luis Goiarekiko. Joxemi Zumalaberen adiskidea zela eta Egunkaria Sortzen herri ekimenean parte hartu eta Euskaldunon Egunkaria beraren sortzaileetako bat izan zen. Luis Del Olmo Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz, 2003. urteko otsailaren 20an Guardia Zibilak Oiartzungo bere etxean atxilotu zuen, beste zortzi lagunekin batera. Bost egun inkomunikatuta eman zuen, eta komisaldegian igarotako bost egunen testigantza latza eskaini zion Egunero egunkariari otsailaren 27an. «Ni ez nau jo, baina torturaen lekuko zuzena izan naiz. Zelda barruan, paretaren kontra jartzeko agintzen ziguten, eta ateko leihotxotik begiratzen ziguten ea agindutakoa betetzen genuen». Esperientzia latzak markatuta utzi bazuen ere, lanean jarraitu du harez geroztik, betiko kemenaz.

«Istripuz» hasi zen zinemagintzan, berak egunkari honi emandako elkarrizketa batean kontatu bezala. «Eugenio Arietarekin bazkaltzen ari nintzela, Juanba Berasategi eta Koldo Izagirre etorri ziren laguntza eske. Ekialdeko izarra film laburra egiten ari ziren orduan -1978. urtean estreinatu zen-, eta matxura izan zuen makina bat Erresuma Batura bidaltzeko asmoa zuten. Nik orduan, haien arteko solasaldia entzunda, makina Ingalaterrara bidali gabe hemen konpondu zitekeela esan nien, eta neuk konpondu nuen. Horrela hasi nintzen Berasategirekin eta Izagirrerekin lanean, Jaizkibel ekoiztetxean».

Ondoren etorri ziren Fernando Amezketarra (1981) Berasategiren beraren lana, eta, batez ere, Kalabaza tripontzia (1985), bere lehen ekoizpen lan garrantzitsua. Arrakasta handia izan zen, eta Trenbideko Filmeak izeneko ekoiztetxe sortuta, Lau astakiloen abenturak eta kalenturak (1987) izeneko lana ekoitzi zuen. 1989an fikziozko zinemari ekin zion, marrazki bizidunak aparte utzita, eta Antxon Ezeizaren Ke arteko egunak lanak ekoitzi zuen. 1992. urtean, berriz, Koldo Izagirreren Offeko maitasuna lana eraman zuen zinematokietara.

Hortik aurrera, ikus entzunezkoarekin lotuta jarraitu zuen beti, eta 1999. urtean Joseba Salegiren Ione sube al cielo gaztelaniaz filmatutako lana ekoitzi zuen. 2004an, berriz, Pablo Maloren Frío sol de invierno lan arrakastatsuaren ekoizpena aurrera eraman zuen. Lan honengatik, Espainiako zinema akademiak banatzen dituen Goya Saria jaso zuen zinemagile donostiarrak. Egun, Maloren azken lanaren ekoizpenarekin buru belarri ari zen Goia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.