Bihar iraganen dira Frantziako Senaturako hauteskundeak; 341 aulkietarik 170 dira berrituko, eta horietarik hiru dira Ipar Euskal Herrian eta Biarnon erabakiko. Guztira 17 hautagai izanen dira: eskuinari doakionez, Peyuco Duhart, Bernard Dupont eta UMPko Jean Castaings eta Mixel Hiriart; eskuin muturrarentzat, Chantal Renou; zentroan, Jean Jacques Lasserre eta Denise Saint-Pe Modem taldearen izenean eta Charles Pelanne Zentro Berriarentzat. Ezkerrean, berriz, Olivier Dartigolles (Ezkerreko Frontea), Frederique Espagnac, Annie Jarraud-Vergnolle eta Georges Labazee Alderdi Sozialistaren izenean, baita Sauveur Bacho abertzalea eta Daniele Iriart eta Alice Leizagezahar Europe Ecologie Berdeak (EEB) eta Eskualde eta Herri Solidarioak (RPS) federazioak osatu taldearentzat. Jean Telletxea ere (EAJ) izanen da, hautagai abertzale gisa.
Ezkerreko hautagaien xedea argia da: aspaldiko partez, Senatuan gehiengoa lortzea. Gaurko egunean, eskuinaren eta zentristen arteko taldeak du gehiengoa, 176 hautetsirekin, ezkerreko taldeak 157 dituela eta 8 senatari direla ez batean ez bestean. Pierre Cherret Ipar Euskal Herriko alderdi sozialistako idazkari nagusiak Frantziako Senatua ezkerrean jartzeko «aukera historikoa» ikusten du biharko bozetan. «Aukera» hori ez galtzeko, egina dute «indarren batzeko» deia. Nahiz «desadostasun izugarri handiak egon», sozialistekin adostasun bat lortzea «posible» zela azaldu zuen Bachok haren hautagaitzaren aurkezpenean.
EEBren eta PSren akordioa
Adostasun «tekniko» hori lortu dute: Senatuko lehendakaritzako ezkerreko hautagaiaren alde bozkatzera engaiatu da EEB, eta horren truke, bigarren itzulian, hirugarren posturan litzatekeen hautagai sozialistak tokia utziko lioke Bachori. Haatik, akordioa finkatzerakoan euskal lurralde elkargoa eta beste hainbat aldarrikapen abertzale ez dira mahai gainean ezarriak izan, bozak izan eta gero aipatzea hobe delako Bachoren ustez, «irauteko, epe luzean eraiki behar delako». Desadostasunak badira bien artean. Batera-k galdera pausatu, eta Labazeek argiki erantzun dio Ipar Euskal Herriaren ezagutze instituzionalaren aurka dela.
Bihar goizean eginen da lehen itzulia, bigarrena arratsaldean. Pirinio Atlantikoetan, tokiko 1.762 hautetsi dira bozkatzera deituak.
Bihar egingo dituzte Frantziako Senaturako hauteskundeak
Hamazazpi hautagai dituzte Ipar Euskal Herriko bozkatzaileek, eta hiruk dute Senatuko aulkia eskuratuko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu