Frantziako Poliziak, Guardia Zibilarekin elkarlanean egindako operazioan, Izaskun Lesaka Arguelles (Burlata, 37 urte) eta Joseba Iturbide Otxoteko (Lesaka, 35 urte) atzeman ditu Macon-en, Lyondik 70 kilometrora. Espainiko Barne Ministerioak jakinarazi du atxilotuak bi haiek direla. Dijongo polizia etxe batean dituzte biak, eta bihar eramango dituzte Parisera.
Espainiaren arabera, ETAko zuzendaritzako kidea da Lesaka. Armen eta lehergaien ardura ere bazuela esan du Barne Ministerioak. "ETAko arlo arriskutsuenaren erantzulea zen, eta hori amaitu dugu". 2004tik zebiltzan haren bila, atxilotzeko.
Iturbide 2008an Donibane Lohizunen atzeman, eta Espainiaratu egin zuten. 2010ean, Madrilgo atentatu saio bat zela kausa, epaitu, eta absolbitu egin zuten.
Polizia iturriek diote hotel batean atxilotu dituztela, eta pistolak zeuzkatela.
Espainiako Barne Ministerioak esan du operazioren "garrantzi izugarria" dela-eta Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak eta Manuel Valls Frantziakoak elkarrizketa bat izan dutela.
ETAk iazko urriaren 20an jakinarazi zuen jarduera armatua betiko bukatu zuela. "ETAren bukaeratik urtebetera, gauzak konpondu beharrean, atxilotzen segitzen dute", esan du Joseba Permach ezker abertzaleko kideak.