BECeko hiru pabiloi egokitu dituzte azterketak egiteko, eta, denera, 20.000 lagunentzako tokia izango da. Osakidetzak jakinarazi duenez, 600 pertsona baino gehiago arituko dira antolaketa eta zaintza lanetan. Behin azterketak eginda, hiru orduren buruan ope2006.osakidetza.net helbidean jaso ahal izango dituzte emaitzak. Herriz herri autobusak antolatu dituzte, eta Bilboko Metroak ere jakinarazi du bihar eta ostiralean zerbitzua indartu egingo duela. 07:25etik 09:00etara 10 minuturo egongo da metroa bi norabideetan, eta eguerdian eta 16:30etik 18:00etara ere tren zerbitzua indartu egingo dute, pilaketarik ez sortzeko.
«Arkumeak hiltegira bezala joaten gara gu azterketara»
Urduri, tentsioan eta ahalik eta azkarren azterketa egiteko gogoz daude hautagai gehienak.U. ZUBELDIA
Donostia
Ordu eta erdi daukagu 110 galderei erantzuten badakigula erakusteko, baina galdera batzuek zeri buruzkoak diren ere ez dugu jakiten!». Saioa Fernandez 27 urteko usurbildarrak Osakidetzako lan eskaintza publikoko azterketaren inguruan egindako deskribapen txiki bat da hori. 2000. urtean amaitu zituen Fernandezek ikasketak eta bigarren oposizioak dira aurtengoak. Erizaintza ikasketak amaituta, Zainketa Intentsiboen Unitatean ikastaro bat egin du.
Oposizioak egin eta atzean uzteko gogoz daude gehienak. «Aldi berean lan egitea eta ikastea oso zaila da». Idoia Oiartzabal donostiarrak 26 urte dauzka eta Osakidetzako lan eskaintza publikora aurkeztuko den bigarren aldia da. Erizain postua lortu nahi du. «2002ko oposizioak ikasketak amaitu eta berehala izan ziren, eta gehiena buruan edukiko nuelakoan, ezer prestatu gabe aurkeztu nintzen». Presiorik gabe, alegia. «Aurten, ordea, Donostiako Erizainen Eskolan ibili naiz». Hala ere, ez dago oso larri. «Azken batean, Odol Bankuan ari naiz lanean. Ez daukat beste batzuen presiorik».
Oiartzabalen lasaitasunik gabe hitz egiten du Kristina Leonek. 50 urte dauzka. «Otsailean beteko ditut 51». Osasun etxe batean ari da lanean, medikuntza orokorrean, eta zer egin ez dakiela dabil. Laugarren aldiz aurkeztuko da oposizioetara. «Jada buruan ez zait ezer sartzen, ezin dut ikasi, inguruko guztiak ere ernegatu ditut, ez dut ondo lo egiten...». 21 urte daramatza Osakidetzan lanean, kontratu mugagabearekin. Orain lanposturik gabe geratzeko arriskuan dago. «Unibertsitateko eduki guztiak sar daitezke azterketan, eta hilabete batean eduki guztiak barneratu behar ditugu».
Apustu handiak egiteko garaiak pasa zaizkiola dio Leonek. «Etxea ordaindu, haurrak zaindu... Gainera, inoiz ez naiz ikasle ona izan, eta orain gutxiago». Bost orduko ikastaroaren ondoren zazpi orduz lanean aritu da astebetez. «Bihotzekoak emango zidala uste nuen. Ez dakit haurrak dauzkan jendea nola moldatzen den! Lanpostua ez badut lortzen amore emango dut. Ezin dut gehiago».
Azterketari buruzko argibide askorik ez edukitzeak ere tentsioa areagotu egin omen die. «Sendagileen eta zeladoreen kasuan, adibidez, galderak jada zehaztuta dauzkate, baina, gure kasuan, ez. Bibliografia orokorra ematen digute, baina besterik ez dakigu».
AZTERKETEN EGUNAK, AIREAN. Azterketek berezkoa izaten dute urduritasuna eta ezinegona. «Eta, kasu honetan, gehiago», zehaztu du Oiartzabalek. «Azken momentura arte ez genekien azterketak noiz izango ziren, abenduan, martxoan...». Horrek ezinegona areagotu die. «Hala ere, egia da presiopean gehiago ikasten dela. Sei hilabete edukiz gero, ez dakit ikasiko genukeen».
Bigarren aldiz terapia okupazionala lanpostua lortzen saiatuko denik ere bada. Etzi daukate azterketa. «Gauzak ahaztu egiten dira baina lehenengo oposizio haietatik oinarri bat badaukagu. Oposizioak garrantzitsuak dira baina ondo ateratzen ez bada beste irtenbideren bat aurkituko dugu».
Fernandez ez dago hain urduri, baina 2002an lasaiago zegoela onartu du. «Lehenengo aldia izaten da onena, ez baituzu ezer galtzeko. Ni, behintzat, 2002an lasai joan nintzen». Orain urduriago dabil. «Lehen bezala edo hobeto egin nahi dut azterketa, ez baitut atzera geratu nahi». Baina bere buruari gehiago eskatze horrekin oso estu dabil Fernandez. «Ikastaroa bost ordukoa da, eta gero zazpi-hamar orduz lanera. Azkenean ez zara kalera ateratzen, ez zara lagunekin egoten, bikotekidearekin ere ez... Oso garesti ateratzen dira oposizioak. Haserre gaudenean denekin egoten gara haserre; gu aguantatzea ez da erraza»».
SATSE eta ELA sindikatuek helegiteak aurkeztu dituzte, eta azterketak atzeratzeko edo bertan behera geratzeko arriskua zegoela ere esan zuten. Horrek ere ez die askorik lagundu. «Mareatu egiten gaituzte, eta, azkenean, gu kaltetzen gaituzte. Oso ondo iruditzen zaigu sindikatu bezala borroka egitea, baina atzean gu gaude, eta presio handia daukagu».
Oiartzabalek autobuserako txartela hartuta dauka dagoeneko; Fernandezek autoaren aldeko hautua egin du. «Bestela ere nahikoa urduri joango gara gu, autobusean histeriak jota dauden beste batzuekin elkartzeko». Baina modu batera edo bestera, bihartik ostiralera bitartean urduritasunik ez da faltako Barakaldoko Bilbao Exhibition Center-en (BEC).
BEC, BEC eta BEC. Besterik ez da entzuten azterketa egin behar dutenen artean. Denek esaldi bat errepikatzen dute: «Ea azkar pasatzen den eta bakea!». Leonek, bere esperientziarekin, azterketa egunetako argazkia atera du: «Arkumeak hiltegira eramaten dituzten bezala joaten gara gu azterketara. Eta sarreran geratzen bazara ere berdin dio, bultzatuz sartzen zaituzte».