ETAk 2018ko maiatzaren 3an emango du argitara 60 urteko ibilbideari amaiera emango dion adierazpena. BERRIAk jakin duenez, bihar kaleratuko du azken asteetan geroz eta oihartzun handiago hartzen ari zen erabakia: bere egiturak desegin dituela eta itxitzat emango duela bere zikloa. Jean Rene Etxegarai auzapezak jakinarazi duenez, Genevan grabatutako bideo baten bidez emango du erakundeak erabakiaren berri. Horren berri gaur jakin da erakundeak hainbat eragile eta ordezkari politikoei bidali dien gutuna hedabideetara filtratu denean.
Apirilaren 16ko data du gutunak, eta bertan ETAk jakinarazten die bere ibilbidea amaitzea erabaki duela, "ezker abertzalearen estrategia aldaketaren haritik, eta 2010ean hasitako prozesua bukatuz". Bide horretan Aieteko Adierazpena eta borroka armatua amaitu izana "oinarrizko" jo ditu, eta horiek lortu baziren "herriari esker" lortu zirela nabarmendu du. Erabakia ontzat eman du Txetx Etxeberri bakegileak, baina hartara nabarmendu du azken komunikatua etortzeke dagoela. Bihar etorriko da.
Eragile sozial eta politikoei bidalitako gutunean ETAk jakitera ematen die "erabat desegin" dituela bere egitura guztiak, eta bukatutzat eman duela bere "ekinbide politikoa" ere. "Izan ere, urteotako erabakiekin azken hamarkadetako egoera astidnu eta etorkizuna abiapuntu berri batetik eraikitzeko apustua egin du ETAk, ausardia eta ardurarekin".
Azken urteetan gatazka amaitzeko egindako ahaleginak hutsean amaitu direla dio idatziak, eta erantzukizunaren zati bat bere gain hartzen du erakundeak. "Gatazka konpontzeko borondaterik ezak eta galdutako aukerek eragin dute gatazka luzatzea eta aldeen sufrimendua areagotzea". Hala, ETAk, beste behin, aiortzen du eragindako mina.
"Lehenago ere buka zitekeen", onartzen du ETAk, eta ohartarazten "urteetako konfrontazioak zauri sakonak" utzi dituela eta horiei "sendabide egokia" eman behar zaiela. Gatazka behin betiko amaitzeko aukera gisa aurkezten du honakoa taldeak, eta etorkizuna "elkarlanean" eraikitzeko deia egiten dio euskal gizarteari. "Ez ditzagun akatsak errepikatu; ez ditzagun arazoak usteltzen utzi. Hori arazo berrien iturri baino ez litzateke izango".