Dagoeneko Ertzaintzak baztertu egin du lurpean beste ibilgailuren bat edo beste norbait egoteko aukera. Goizean goizetik txakurrekin ibili dira lanean, harri eta lur artean harrapatuta egon zitekeen jendearen bila. Inguru guztia ondo miatu dutela diote, eta txakurrek ez dutela inoren arrastorik sumatu.
08:00 inguruan gertatu da luizia: A-8ko 51,5 kilometroan errepide ertzeko mendi magaletako bat goitik behera erori da. Errepideko 40 metro estali dituzte lurrak eta harritzarrek, Bilboko noranzkoan bi errailak eta Donostiako noranzkoan errailetako bat. Lurjausia handiena izan den gunean lau metroko altuera hartu du harri eta lur pilak. Nolanahi ere, errepidea guztiz itxi dute pare horretan, noranzko bietan, luizi gehiago gertatzeko beldur.
Azpian berriz, lau ibilgailu hartu ditu —hiru auto eta kamioi bat—, eta gezurra eman arren, haien barruan zihoazen pertsona guztiak onik atera dira. A-8a kudeatzen duen Bidegi elkarteak emandako datuen arabera, soil-soilik pertsona bat eraman behar izan dute erietxera, eta zauri arinak baino ez zituen.
Esan bezala, kamioia zen luiziak azpian hartutako ibilgailuetako bat, eta isozianatoa izeneko gai toxikoa garraitzen zuen. Hori dela eta, erreskate eta garbiketa taldeek presa eta arreta bereziz ibili dira kamioi hori ateratzeko. Agertu dutenez, azkenean ezer larriagorik gertatu gabe lortu dute gai toxikoa ateratzea.
Lurjausia gertatu eta segituan erreskate eta garbiketarako baliabide ugari jarri dituela martxan agertu du Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak. Besteak beste, Ertzaintzaren helikoptero bat, erreskate lanetako adituak eta txakurrez hornitutako bilaketa taldeak ibili dira lanean. DYAko larrialdi zerbitzuetako kideak ere berehala hasi dira beharrean. Garbiketarako berriz, hondeatzeko makinak eta kamioiak ari dira erabiltzen.
Hala ere, iluntzea baino lehen ez dutela errepidea garbitzea lortuko agertu dute Bidegiko arduradunek; luzeago ere jo dezake. Hori dela eta, N-634 errepidetik ari dira trafikoa bideratzen. Bilbora doazen ibilgailuk Zarautz (Gipuzkoa) parean A-8tik irtenarazten dituzte, eta Donostiarako noranzkoan doazenak Itziar (Gipuzkoa) parean. Goizean zehar auto ilara handiak izan dira.
Lurjausia zerk eragin duen, berriz, ikertzen ari dira Bidegiko arduradunak eta injeniariak.
Luizia A-8an
Biharko A-8aren norabide bakoitzean errail bana irekitzen saiatuko dela dio Bidegik
Luizi handia jazo da A-8 autopistako 51,5. kilometroan, Zumaia (Gipuzkoa) eta Itziarko gainaren artean: finean, mendi mazela goitik behera erori da. Bilboko noranzkoko bi errailak eta Donostiarako noranzkoko errailetako bat guztiz estali dituzte harriek eta lurrak; 40 metro errepide hartu dituzte. Luiziak sei ibilgailu harrapatu ditu azpian, baina inor ez da larri zauritu. Bidegi A-8a kudeatzen duen elkarteko iturrien arabera, pertsona bakar bat eraman dute erietxera, eta hura zauri arinekin. Garbiketa lanak hasi arren, errepideak itxita jarraitzen du bi noranzkoetan, eta N-634tik bideratzen duten trafikoa. Bihar goizerako norabide bakoitzeko errail bana irekitzen saiatuko direla azpimarratu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu