Politika

Bihartik, Jaurlaritzak kudeatuko du Arabatik Burgosera arteko AP-1eko zatia

Transferentzien Batzorde Mistoan lortutako akordioari esker, sei kilometroko errepide tartearen titulartasuna eskuratuko du Jaurlaritzak bihar. 2019ko lehen seihilekoan, berriz, Arabako Foru Aldundiaren esku geratuko da haren kudeaketa.

Armiñongo ordainlekua. JUANAN RUIZ, FOKU.
edurne begiristain
2018ko abenduaren 4a
07:44
Entzun

Joan den azaroaren 20an, bilera egin zuen Transferentzien Batzorde Mistoak, eta, han, Jaurlaritzako eta Espainiako Gobernuko ordezkariek akordiorako oinarri bat lortu zuten bi eskumenen inguruan; horren arabera, Jaurlaritzaren esku geratuko ziren Armiñon (Araba) eta Burgos (Espainia) arteko AP-1 errepideko zatia (sei kilometro) eta bi trenbide: Basurtutik Arizerakoa (7,8 kilometro) eta Irauregi-Lutxana-Barakaldo artekoa (5,7 kilometro). AP-1eko zatiari dagokion eskumena bihartik aurrera geratuko da behin betiko Eusko Jaurlaritzaren esku, Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Euskal Herriko agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ostean. Bi trenbideei dagokien eskumena, berriz, datorren astean geratuko da Jaurlaritzaren esku.

Eusko Jaurlaritzak ohar batean jakinarazi duenez, hemendik aurrera Kupotik deskontatuko du eskumen horren kopurua. Zehazki, Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari ordaindu beharreko Kupotik 287.875 euro deskontatuko ditu urtero.

AP-1 autobidearen zati hori Itinere enpresak kudeatu du orain arte. 84,3 kilometro ditu, eta horietatik ia sei kilometro Araban daude. Espainiako Gobernua da azpiegituraren jabe egun, baina bihartik aurrera, transferentzia eskualdatuta egongo denez, Arabako Foru Aldundiaren errepide sarearen barruan sartuko da. Jaurlaritzak 2019ko lehen seihilekoan utziko du Arabako diputazioaren esku errepide zati horren kudeaketa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.