Bikaintasun zigilua EHU eta NUPi

Mondragon Unibertsitatea eta Deustuko eta Nafarroako unibertsitateak, izendapenik gabe

mikel rodriguez
2010eko urriaren 22a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak atzo jakinarazi zituen Nazioarteko Bikaintasun Campus izendapena jasoko duten unibertsitateak zeintzuk diren, eta haien artean daude Hego Euskal Herriko bi: Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU) eta Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP). Horri esker, EHUk Tecnalia Korporazioarekin eta Donostia International Physics Centerrekin (DIPC) batera aurkeztutako Euskanpus egitasmoak 4 milioi euroko laguntza jasoko du, eta NUPek Errioxako (Espainia), Zaragozako (Espainia) eta Lleidako (Herrialde Katalanak) unibertsitateekin batera aurkeztutako Campus Iberus proiektuak, berriz, 5,3 milioikoa. Deustuko Unibertsitatearen (DU), Mondragon Unibertsitatearen (MU) eta Nafarroako Unibertsitatearen (NU) ekimenak ere finalera ailegatu dira, baina ez dute izendapenik jaso.

Joan den asteartean aurkeztu zituzten epaimahairen aitzinean finalera ailegatutako 22 proiektuak, eta haietako zortzi saritu dituzte. Guztira, 75 milioi euroren laguntzak banatuko ditu Espainiako Gobernuak.

Izendapena lortuta, Iñaki Goirizelaia EHUko errektoreak «historia» egin dutela adierazi zuen atzo, Joseba Jauregizar Tecnaliako zuzendariarekin eta Pedro Miguel Etxenike DIPCko presidentearekin batera egindako agerraldian. Dirua ekimenak aurrera eramateko garrantzitsua dela onartu du errektoreak, baina garrantzitsuena proiektuaren «aitorpen ofiziala» dela berretsi du. Euskanpusekin, gainera, gizartearen etorkizuna «definituko» dutela baieztatu du Goirizelaiak. Tecnaliarekin eta DIPCrekin izandako elkarlanarekin batera, Bordeleko Unibertsitatearekin (Frantzia) egindako «aliantza estrategikoa» nabarmendu du Goirizelaiak, «mugaz gaindiko campusa» sortzeko helburuarekin.

Etxenikek, berriz, Euskanpusen helburua «heztea, zaintzea, ereitea eta talentua erakartzea» dela zehaztu du. DIPCeko presidentearentzat, alderdirik garrantzitsuena da munduan «hobeki» ezagutarazteko aukera da. Jauregizarrek, bestalde, azpimarratu du proiektuak «jakituriaren hirukia» sustatzen duela: «Hezkuntza, ikerketa eta berrikuntza».

NUP, «aitzineko bagoian»

Campus Iberus ekimenaren bikaintasun izendapenarekin, «aldaketarako une garrantzitsua» hasiko dela iragarri du Jose Maria Pintor NUPeko errektoreordeak. Lortutakoa «hurrengo lau urteetarako erronka eta ardura» izanen da NUPentzat, eta harekin batera aurkeztu diren Zaragozako, Errioxako eta Lleidako unibertsitateentzat. Pintorren iritziz, «nazioartean» kokatzeko aukera dute orain, eta lau unibertsitateak ekimen bateratu baten alde «elkarrekin lan egiteko» gai direla erakusteko. «Trenaren aitzineko bagoian gaude orain».

Elena Torres Nafarroako Parlamentuko presidenteak NUP zoriondu du, «orainean eta etorkizunean» lan egiteko esparru «ezin hobea» emanen baitio izendapenak. NaBaik ere poza agertu du izendapenarengatik, baina salatu du Nafarroako Gobernuak «bizkarra» ematen diola NUPi.

Deustuko Unibertsitateak, Mondragon Unibertsitateak eta Nafarroako Unibertsitateak, berriz, ez dute EHUren eta NUPen zorte bera izan. Jaime Oraa Deustuko errektorearen ustez, «gizarte ekimeneko unibertsitateak neurri batean baztertu» dituzte, izendapena jaso duten unibertsitate denak publikoak izan direlako. Mondragon Unibertsitatearentzat izendapena ez jasotzea ez da «porrota» izan, eta finalean egotea «oso garrantzitsua» izan da.



Datuak

4

Euskanpusek jasoko dituen milioi euroak. EHUren, Tecnaliaren eta DIPCen proiektuak lau milioi euro jasoko ditu. Ekosistema iraunkorrak eta ingurumen teknologiak, prozesu berritzaileak eta material berriak, eta zahartzea eta bizi-kalitatea jorratuko ditu.



5,3

Campus Iberusek jasoko dituen milioi euroak. NUPen eta Errioxako, Zaragozako eta Lleidako unibertsitateen ekimenak 5,3 milioi euro jasoko ditu, bizitzeko teknologia, agroelikadura eta elikadura, eta memoria, ondarea eta identitatea lantzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.