Dibortzioaren Legeak 30 urte HegoEuskalHerrian

Bikote bat, bizitza bi

Duela 30 urte onartu zuen Espainiako Kongresuak Hego Euskal Herrian dibortziatzeko aukera berriro ematen zuen legea. Ordutik, ezkontzak ez dira betiko, eta 'legezko' familia ereduak ere ugaritu egin dira.

BERRIA.
mikel lizarralde
2011ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Ordura arte bizitza osorako zen; heriotzak berak bakarrik hautsi zezakeen instituzioa. Ezkontza, batik bat, Elizak arautzen zuen, eta senar-emazteen arteko harremana etetea ezinezkoa zen, legediaren arabera. Gaur egungo gazteentzat antzinatekoa eman dezakeen egoera hori duela 30 urtera arte egon zen indarrean Hego Euskal Herrian. Hain zuzen ere, 1981eko ekainaren 22an onartu zuen Espainiako Kongresuak Dibortzioaren Legea, eta, modu horretan, Errepublika garaian ezarri eta frankismoak 40 urtez indargabetu zuen eskubidea berreskuratu zuten Hegoaldeko euskal herritarrek.

Dibortzioaren Legeak, nolanahi ere, bide malkartsua egin behar izan zuen onartu arte. Espainiako Eliza katolikoak eta sektore kontserbadoreenek jomugan jarri zuten, eta Espainiako Gobernuaren barruan ere —UCDkoa— barne borrokak piztu ziren ikuspegi aurrerakoiagoa zutenen eta dibortzioak familiaren instituzioa hautsiko zuelako mamua zabaldu nahi zutenen artean.

Eta urteetako iluntasunari argia emateko gogoz, batik bat, emakumeak eta mugimendu feminista zeuden, Juana Aranguren abokatuak gogoratu duenez: «Dibortzioaren Legea askapena izan zen jende askorentzat, eta mugimendu feminista gidari izan zuen aldarrikapen bati erantzun zion».

1981era arte ezinezkoa izan zen ezkontza legez amaitzea, baina asko ziren ezkonduta jarraitu arren bananduta bizi ziren pertsonak. Eta legeak ireki egin zuen egoera horiek arautzeko bidea. Arangurenek dioenez, pertsona asko zeuden ezin dibortziatuta, «baina izatez, bananduta».Marta Luxan soziologo eta EHUko irakasleak gogorarazi du Errepublikan legeztatua egon zela dibortzioa, eta frankistek 36ko gerra irabaztearekin «desagertu» egin zirela dibortziatu haiek: «Eta 1981eko legeak azaleratu egin zuen berriro egoera hura. Urteak bananduta zeramatzan jende batek legeztatu ahal izan zuen izatezko egoera».

Gizartearen eskaera bati erantzun zion legeak, Pilar Legarra familia bitartekaritzako lana egiten duen CIM Bitartez taldeko kideak dioenez: «Ordura arte bikoteak behartuta zeuden elkarrekin bizitzera, nahiz eta gaizki konpondu. Beraz, legeak, hasiera batean, libertate aire bat ekarri zuen. Ezkontza ez zen jada betiko».

Eliza katolikoak indar handia izan duen beste herrialde batzuetan bezala, Dibortzioaren Legeak ez zuen gatazkarik gabe egin aurrera, sektore batzuentzat dibortzioak familiaren instituzioa bera hautsi behar zuelako. «Gizartearentzako gaitz gisa ikusten zuten», dio Legarrak, «eta familiaren egonkortasuna jartzen zen zalantzan». Errepublika garaiko gobernuak onartutako lege aurrerakoiaren aldean —bikotekideen borondatea jasotzen zuen dibortziatzeko arrazoitzat—, 1981eko legeak baldintzak ezarri zizkien ezkontza eten nahi zutenei.Dibortziatu aurretik, senar-emazteek urtebete igaro behar zuten bananduta, eta dibortziatzeko kausaren bat aurkeztu behar zuten: fideltasunik eza, alkoholismoa, ezkontzaren beharrak ez betetzea...

Dibortzioaren Legea indarrean jarri zenetik asko aldatu da familiaren izaera. Lehen, kolore ia bakarrekoa zen; gaur egun, era askotakoak eta askotarikoak dira familiak: izatezko bikoteak, guraso bakarreko familiak, sexu berekoek osatutakoak... «Baina dibortzioak ez du familia desagertzea ekarri, baizik eta familia egituren aldaketa bat», argitu du Luxanek. Gainera, EHUko irakaslearen iritziz, familia indartzeko modu bat ere izan daiteke dibortzioa, «jendeari aukera ematen diolako bere egoera legeztatzeko».

Oraindik ere pertsona gehienak familia egituretan bizi dira, nahiz eta XXI. mendeko familiek eta orain dela 30 urtekoek ez duten zertan berdinak izan. «Familiak aldatu egin dira», Luxanen arabera. «Seme-alaba gutxiago izaten dira, eta tamaina txikiagoko egituretan bizi gara. Baina bertikalki begiratzen badiogu, familia bereko belaunaldi asko ditugu batera. Ez elkarbizitzen, baina bai momentu berean bizitzen». Ildo horretatik, Luxanek ez du ikusten inon «hainbestetan aipatzen den» familiaren krisia. «Familia indarberrituta dago, eta familia bereko pertsonen arteko harremanak sendoak dira».

Aldatu egin dira emakume eta gizonen arteko harremanak ere, berdintasunak oraindik lortu gabeko helburua den arren. «Asko aldatu dira harremanak, emakumeak duela 30 urte gizartean ez zuen toki bat eskuratu duelako», nabarmendu du Arangurenek. Hala eta guztiz ere, abokatuak nahiz Legarrak emakumeek egin duten borrokari ematen diote garrantzia.«Gaur egun ez da hain garbi onartzen emakumeek gizonezkoekin duten mendekotasun jarrera, esanekoa. Emakumeek bide bat egin dute beren eskubideen alde egiteko garaian». Horrek dibortziatzeko orduan ere eragina du Legarraren iritziz, «botere handiagoarekin» sentitzen direlako emakumeak eta pauso hori ematera ausartzen direlako.

Frankismoan emakumeak «bigarren mailako herritarrak» zirela nabarmendu du Luxanek. «Garbigailu bat erosteko ere senarraren baimena behar zuten. Eta aldaketak egon dira, baina ez berdintasuna lortzeraino, ezta gutxiago ere. Oraindik ere, etxeko lanak eta zaintza lanak emakumeek egiten dituzte».

Gehienak, ezkontza zibilak

Familiaren ikuspegi tradizionalaren defendatzaile sutsuen beldurrak ukatuz, dibortzioak ez du apurtu instituzio hori azken 30 urteetan. Baina bere garaian senar-emazte izateko hautua egin zuten askok dibortziatzea erabaki dute denborarekin. 1981ean 366 dibortzio izan ziren Euskal Autonomia Erkidegoan, eta 1995ean, berriz, 1.464.

Ezkontza kopurua, berriz, nahiko orekatua mantendu da azken 25 urteotan, nahiz eta pixkanaka bada ere gero eta gutxiago diren pauso hori ematen dutenak. Eta ezkontza zibil eta erlijiosoen zenbakiak ere irauli egin dira urteekin. Eustaten datuen arabera, 9.517 ezkontza izan ziren 1986an Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta horien ia %80 elizatik igarota gauzatu ziren. 2010. urtean, berriz, 7.837 bikote ezkondu ziren EAEn, baina gehienak (%66) ezkontza zibilak izan ziren.

2005ean Dibortzioaren Legearen erreforma onartu zuten Espainian, eta ordura arteko baldintzak kendu zizkieten ezkontza eten nahi zutenei. Ordutik ez dago arrazoirik aurkeztu beharrik dibortziatzeko, eta ez da urtebetez bananduta egon behar urrats hori egitea erabaki aurretik. Ezkondu eta hiru hilabetera eska daiteke dibortzioa. Legarrak uste du orain hobeto bermatzen direla «norberaren eskubideak». Arangurenen iritziz, baina, legearen erreformak nahi gabeko ondorioakere ekarri dizkie dibortziatu nahi duten emakumeei. «Erreformak esaten du ez dela arrazoirik eman behar dibortzioa eskatzeko, eta horrek, bere horretan, aurrerapausoa ematen du», dio abokatuak. Baina batzuetan senar-emazteen arteko harremanaren hausturaren arrazoiak aztertu egin beharko lirateke, Arangurenen iritziz. «Batzuetan pertsona batzuek sufritu egiten dute ezkontzan, egoera lazgarriak pairatzen dituzte. Eta horrek ondorioak izan beharko lituzke dibortzioan, batik bat etxebizitzaren erabilerari, seme-alaben zaintzari eta pentsioari lotutako neurrietan».

Gaur egun, dibortzio prozedura batean ezin dela ezkontza urteei buruz hitz egin salatu du Arangurenek: «Lehen dena konta zitekeen. Orain, aldiz, epaitegian ez dizute uzten, arrazoirik ez delako aurkeztu behar». Senar-emazte urteei buruz hitz egiteko modu bakarra genero indarkeriako epaitegira jotzea eta babesa eskatzea da. «Halakoetan zuzenean eska daiteke epaitegian dibortzioa. Baina emakume batzuek ez dute bikotekidea salatu nahi; dibortziatzearekin nahikoa dute. Eta ezin dute azalpenik eman...».

2005eko erreformak asko ugaritu zuen dibortzio kopurua. Hala, 2003an, 2.392 izan ziren Hego Euskal Herrian, eta 2004an, 2.584. 2005ean, 4.000 pasatxo tramitatu zituzten, eta hurrengo urtean, ia 6.500.

Azken hiruzpalau urteotan, ordea, behera egin du ezkontza harremana etetea erabakitzen duten pertsonen zenbakiak, eta krisiak «asko» eragin duela dio Arangurenek. «Dibortzio batek ondorio ekonomikoak ditu. Lehen etxebizitza bat zuen bikoteak beste bat behar du, eta askotan, arazo horri aurre egin beharrean, elkarrekin segitzen dute bizitzen, nahiz eta izatez ez duten egiten ezkontza bizitza».

Luxanek, ordea, demografia datuekin lotzen du dibortzio kopuruaren jaitsiera. «Gaur egun ezkontzen diren pertsona gehienak 1974 eta 1982. urteen artean jaiotakoak dira; alegia baby boom-aren ondorengoak. Eta, ezkontzak gutxitu diren bezala, dibortzioen kopuruak ere behera egin du».

«Dibortzio kopurua jaitsi izanak ez du esan nahi gatazkak gutxitu direnik», zehaztu du Legarrak, «baizik eta dibortzio batek ekonomikoki galera dakarrela eta oraingo egoeran zailagoa dela horri aurre egitea». CIM Bitartez-eko kideak urteak daramatza bikoteekin bitartekaritza lana egiten, eta krisiak zer-nolako ondorioak ekar diezazkiekeen badaki: «Bikotearen arteko harreman txarra edo harreman hotza ez da konpontzen; are gehiago, okertu egiten da. Bietako batek, behintzat, hartua du banantzeko erabakia, eta errealitateak horretarako atea ixten dio». Horrek aurrera begira ondorioak dituela dio Legarrak, «pisukide» bihurtzearekin harreman arauak aldatzen direlako: «Eta okerrena haurrentzat da. Hobe da dibortzio baketsu bat harreman mantendu eta gatazkatsu bat baino».

Haurren zaintza

Dibortzioak bikotekideen artean erabaki eta hitzartu beharreko neurri ugari dakartza berarekin: familiaren etxebizitzarekin zer egin, bikotekideetako bati pentsioa ordaindu behar zaion ikusi, eta tartean seme-alaba adingabeak daudenean, haiekin zer egin erabaki.

2005eko Dibortzioaren Lege berriak ateak ireki zizkion haurren zaintza partekatuari, baina, horretarako, bi gurasoek eskatu behar dute. Ados egon behar dute. Akordiorik lortzen ez dutenean, auzitara jotzen dute, eta halakoetan epaileari dagokio aukerarik egokiena zein den baloratzea, betiere adingabearen babesa lehenetsita. Eta datuek diote epaileek oso gutxitan egiten dutela zaintza partekatuaren alde —hamar kasutik batean— eta horietako ia gehienetan zaintza amaren esku uzten dutela.

Hori ikusita, zaintza partekatua lehenetsiko duen lege bat eskatu izan dute behin baino gehiagotan guraso bananduen elkarteek. Joan den martxoan Nafarroako Legebiltzarrak haurren zaintza arautzeko foru lege bat onartu zuen, baina gurasoak ados ez dauden kasuetan epailearen esku utzi zuen azken erabakia. Hilabete geroago, apirilean, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako guraso bananduen federazioak, Kidetzak, umeen zaintza partekatua lehentasunezko aukera gisa jasotzen duen lege proposamen bat aurkeztu zuen Eusko Legebiltzarrean.

Gizartean aldaketak gertatzen ari direla eta gaur egun aitek «beren rola askoz arduratsuago» betetzen dutela deritzo Legarrak. «Eta normala da aitak seme-alabekiko harreman normaldu bat nahi izatea. Zaintza partekatuak hori bermatzen du, baina kasuz kasu aztertu behar dela uste dut». Izan ere, haurrei egunerokotasuna bermatzearen alde egiten du Legarrak. «Egia da zaintza gurasoetako baten esku uzteak askotan arazoak ekartzen dituela, beste gurasoak seme-alabekin dituen harremanak murrizten dituelako. Baina askotan ez dago beste aukerarik. Eta askoz garrantzitsuagoa da gurasoek beren arteko harreman ona mantentzea; haurrei dagozkien erabakiak hartzeko orduan hitz egitea».

Zaintza partekatua lehenestearen kontra dago, berriz, Aranguren. Abokatuaren iritziz, kode zibilak nahikoa arautzen du, eta gurasoak ados daudenean, seme-alabak bien artean zaintzeko arazorik ez da izaten. «Baina lehenesteak esan nahi du zaintza partekatua derrigortu egingo dela. Eta kasu batzuetan, guraso batzuk, aita batzuk zehazki, ez dira inoiz arduratu beren seme-alabez. Nola derrigortuko dituzu dibortziatu ostean?».

Seme-alaben zaintza aitaren eta amaren artean «partekatua» izatea nahiko luke Arangurenek, baina oraingoz ez du hori betetzen denik uste: «Gizarte honetan gehienbat emakumeak arduratzen dira oraindik seme-alaben zaintzaz. Eta hor daude amatasuna edota aitatasuna eskatzen duten pertsonen zenbakiak erakusgarri».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.