Bikoteen herenek ez dituzte bereizi osteko neurriak betetzen EAEn

Dibortzioek %3,08 egin zuten gora iaz; banantzeak, aldiz, %12,23 murriztu ziren

ainara arratibel gascon
2008ko otsailaren 29a
00:00
Entzun
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bereizten diren hiru bikotetik batek ez ditu errespetatzen bereizi osteko neurriak. Gero eta ohikoago bihurtzen ari da hori, gainera. Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justizia Sailak iazko bikote bereizteen balantzea aurkeztu zuen atzo. 2005ean legedian izandako aldaketak ekarritako joera berresten da bertan, dibortzioen igoera eta banantzeen beherakada. Hala, iaz bereizi ziren bikoteen %93 dibortziatu egin ziren, eta %7 banandu.

3.280 bikote bereizi ziren iaz Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Horietatik 3.072 dibortziatu egin ziren, eta 208 banandu. 2006ko datuekin alderatuz, dibortzioen kopurua %3,08 handitu zen iaz; banantzeena, aldiz, %12.23 murriztu zen. Bilakaerari hori argiago ikusten da azken bost urteetako datuei erreparatuz gero. Bost urteren buruan dibortzioak hirukoiztu egin dira, eta banantzeek nabarmen egin dute behera.

Bereizten diren bikoteen erdiak baino gehiago ados jartzen dira. «Dibortziora zuzenean jotzeko aukerak ez du berekin gatazka gehiagorik ekarri, hasiera batean kontrakoa pentsa zitekeen arren», nabarmendu du Joseba Azkarragak, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justizia sailburuak. Adostasunik gabeko prozedurak %4,2 igo dira azken bost urteetan: 861etik 1.079ra. Adostutako dibortzioa da bikote gehienek bereizteko erabiltzen duten prozedura. «Gatazka gutxiago sortzeaz gain, merkeagoa eta laburragoa da hala egitea. Egungo bikoteek oso kontuan hartzen dute hori».

Dena den, bereizten diren hiru bikoteetatik batek ez ditu adostutako neurriak betetzen, eta bikotekideetako batek neurri horiek derrigorrez betetzea eskatzen du. 1.500 prozedura inguru iristen dira egoera horretara urtero. Kasuen %75etan prozeduraren jatorrian ez da akordiorik lortu. «Prozeduran zenbat desadostasun handiagoak izan, are gehiago dira betetzen ez diren neurriak». Bikotekideari edo eta seme-alabei dagokien pentsioa ez ordaintzeagatik izaten dira nahitaezko prozedura gehienak: %70, hain zuzen. Horietatik %60etan salaketa jaso duenak ez ditu sekula ezarri pentsioak ordaindu, eta %40k noizean behin.

Seme-alabei ordaindu beharreko pentsioetan eskatutako diru,a seme-alabako 150 eta 300 euro artean egoten da kasuen %69,2an, 300 eta 600 euro artean kasuen %12,3an eta 150 eurotik behera %8,2an. Bikotekideari ordaindu beharreko pentsioen kasuan kopuruan ez da 200euro baino altuagoa izaten. Halako kasuetan soldataren bahitzea izaten da indarrez hartzen den neurririk eraginkorrena. Horren inguruan kezka agertu du Jaurlaritzak, eta Justizia Administrazioko Euskal Behatokiak gogoeta egingo du neurriak hartzeko asmoz.



BISITA ERREGIMENA. Ezarritako bisita erregimena izaten da beste eztabaidagai nagusietakoa. Nahitaezko prozeduren %14 ezarritako bisita erregimena ez betetzeagatik gertatzen dira.

Kasuen herenean bereizte prozedura amaitu eta nahitaezko beprozedura abian jarri arte bost urtebaino gehiago igarotzen dira .

Gutxi dira, zigor salaketa jartzen dutenak. %0,2k baino ez dute bide hori hartzen: «Ia beti gizonek jartzen dituzte halako salaketak, emazteak ez dielako seme-alabak ikusten uzten».



«Prozeduran zenbat eta desadostasun handiagoak izan, are gehiago dira betetzen ez diren neurriak»

JOSEBA AZKARRAGA
lAN ETA GIZARTE SAILBURUA




DaTuaK

%65

Akordio bidezko dibortzioak. Bereiztea erabakitzen duten bikote gehienak dibortziatu egiten dira. Dibortziatutako bikoteen %65ek ados jarrita egiten dute, seme-alaben onerako.



%160

Dibortzioak. Azken bost urteetan %160 ugaritu dira dibortzioak Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban. Legedian izandako aldaketak eragin du hori, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justizia Sailaren arabera.





%37

Nahitaezko prozedura. Pentsioak ez ordaintzeagatik izaten dira nahitaezko prozedura gehienak. Horietatik %37 seme-alabei dagokien pentsioa ez ordaintzeagatik izaten dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.