Ertzaintzak egunotan lau gizon atxilotu ditu emakumeen aurkako indarkeria leporatuta, horietako bat bikotekide ohia bi egunez atxiki duelakoan. Herrizaingo Sailak azaldu duenez, gizonak emazte ohiarengana ez hurbiltzeko agindua bazuen ere, emakumearen etxera azaldu, eta han atxiki zuen, bere borondatearen aurka. Gizona lo zegoela baliatu zuen emakumeak Poliziari deitzeko. 33 urteko erasotzailea ihes egiten saiatu zela eta ertzainei aurre egiten saiatu zela dio Ertzaintzak.
Astelehenean Udaltzaingoak beste gizon bat atxilotu zuen Bilbon, ustez urruntze agindua ez betetzeagatik. 24 ordutan atxilotzen zuten bigarren aldia zen. 30 urte ditu. Igandean neska-lagunarekin eztabaidatu zuen, eta hainbat muturreko eman zizkion masailean. Urruntze agindua ezarri, eta libre utzi zuten, baina herenegun berriz atxilotu zuten neurri hori hausteagatik. Irunen (Gipuzkoa) 56 urteko gizon bat atxilotu zuten igandean, arrazoi beragatik: urruntze agindua urratu zuen. Barakaldon (Bizkaia), bestalde, 22 urteko gazte bat atxilotu zuten, neska-laguna jo zuelakoan. Auzokoek eman zuten erasoaren berri.
Donostian, epaiketa
Donostian bost emakume bortxatzea leporatzen dioten gizona berriz epaitu zuten atzo. Beste zigor bat onartu zuen, laugarrena: zortzi eta erdiko espetxe zigorra. Bortxaketa aitortu eta zigorra gutxitu zioten. Beste bortxaketa batengatik ere epaitu behar dute.
Bikotekide ohia bi egunez atxiki du gizonezko batek, eta atxilotu egin dute
Donostiako bortxatzaileari zortzi urteko espetxe zigorra ezarri diote, beste bortxaketa batengatik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu