Bikotekide ohiarengandik urruntzeko agindua zuen, baina atzo, A-8 autobidean emakumezkoa zihoan ibilgailua jo zuen berearekin, nahita, Gallarta parean (Bizkaia). Autoa autobidetik atera zuen, eta emakumezkoa erietxera eraman zuten. 38 urteko Barakaldoko (Bizkaia) gizonezkoa gaur atxilotu dute.
15:30 aldean gertatu zen, atzo: gizonezkoak emakumezkoa zihoan autoa jo zuen, autobidetik ateratzeraino. Eta ihes egin zuen. Emakumezkoa erietxera eraman zuten zaurituta, baina Ertzaintzaren arabera, ez dago larri.
Bestalde, Bizkaiko Auzitegiak gizonezko bat zigortu du gaur, emakumezko bati, bere bikotekidea zenean behin eta berriz tratu txarrak eman zizkiolako. %93ko mendekotasuna du emakumezkoak, eta epaiak dioenez, gizonezkoak edari nahasketak ematen zizkion, zentzua galdu eta gehiegikeriak egiteko: bortxatu egiten zuen, eta gorputz osoan jo. Gainera kaka eta txiza ere egin zizkion, eta irudiak grabatu, bere alabari igorriko zizkiola mehatxu eginez. Baginatik gauzak sartzen zizkion, min handiak eraginez, eta hilko zuela mehatxu egin.