35 urteko gizonezko bat atxilotu du bart goizaldean Ertzaintzak Gasteizen, bikotekide ohiari kolpeak ematea eta sexu gehiegikeriak egitea egotzita.
Ertzaintzako iturriek emandako azalpenen arabera, bart goizeko ordubatak aldera etxeko behebarrura sartzen ari zen biktima Antilletako pasabidea kalean, bikotekideak kolpeka eraso dionean. Bere gogoaren kontra igurzketak ere egin dizkio.
Oihuka ekin dio emakumezkoak, eta hainbat bizilagun hurbildu dira asaldatuta. Erasoa geraraztea ez ezik, erasotzailea atxiki dute. Herritar horiek ohartarazita Ertzaintza iritsi denean, 35 urteko LA.A.M. atxikita zeukaten, eta biktimak zein lekukoek gertakarien kontaketa bertsua egin dutenez, atxilotu egin dute.
Irainak, kolpeak eta mehatxuak
Halaber, bart gauean beste gizonezko bat atxilotu dute Gasteizen emazte ohiari eraso egitea egotzita. Kasu honetan Udaltzaingoak atxilotu du.
Iturri horien arabera, bart gaueko hamarrak aldera dei bat jaso zuten etxebizitza batean eztabaida handiak ari zirela ohartaraziz. Esandako etxera joan zirenean, andre bat aurkitu zuten, eta senar ohiak iraindu, mehatxatu eta jo egin zuela agertu zien. Bikotea banatuta zegoen, baina etxe berean bizi ziren. Senar ohiak lehenago ere eman zizkiola tratu txarrak azaldu zuen andreak, baina inoiz ez zuela salatu. Gizonezkoa atxilotu egin zuten.
Gizartea
Bikotekide ohiari eraso egitea egotzita bi gizon atxilotu dituzte Gasteizen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu