Genero indarkeria

Bikotekide ohiei tratu txarrak ematea egotzita, hiru gizon atxilotu dituzte Donostian

Atzemandako gizonetako batek urruntze agindua zuen bikotekide ohiarekiko, eta hori apurtzea ere leporatu diote.

Berria.info
2013ko apirilaren 4a
17:54
Entzun

Ertzaintzak hiru gizon atzeman ditu Donostian, genero indarkeria delitua leporatuta. Atzo goizaldean egin zuten lehen atxiloketa ertzainek. Herritar batek eman zien abisua. Azaldu zienez, bikote izandako gizon-emakume batek liskar handia zuten etxean. Hara bertaratu, eta biktimak kontatutakoaren arabera, bikotekide ohiak aulki bat jaurti zion, eta Ertzaintzara deitzera zihoanean sakelako telefonoa kendu zion. Gizona ez zegoen etxean. Baina handik gertu atxilotu zuten. Ustezko erasotzaileak urruntze agindua zuen bikotekide ohiarekiko.

Atzo goizaldean bertan beste gizon bat atzeman zuten, ustez bikotekide ohiari tratu txarrak emateagatik. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, elkarri egin zioten eraso. Gizonak zauriak zituen aurpegian. Emakumeak, berriz, ertzainei azaldu zien lepotik eta iletik heldu ziola, eta arrastaka eraman zuela. Biak inputatu dituzte.

Bikotekide ohiaren etxera joan, eta eraso egitea leporatuta, aldiz, beste gizon bat atxilotu dute gaur goizaldean. Biktimak salatutakoaren arabera, txirrina jo eta jo aritu da atxilotua. Azkenean atera ireki dio, eta orduan ustez jo egin du, baita mehatxu egin ere. Emakumea erietxera eraman dute. Gizona, berriz, bertan atxilotu dute.

Bestalde, Igorren (Bizkaia), elkarretaratzea egingo dute gaur iluntzean, herrian izandako sexu eraso bat salatzeko. Kultur etxe aurrean egingo dute, 19:30ean. Emakume taldeek eta udalak deitu dute. Ez Igorren ez inon, eraso sexistarik ez! izango da protestaren leloa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.