INDARKERIA MATXISTA

Bikotekidea itotzen saiatzea egotzita, gizon bat atxilotu dute Barakaldon

Ertzaintzak beste bi gizon atzeman ditu, bata Pasaian eta bestea Beasainen, bikotekideak jotzea leporatuta.

2015eko maiatzaren 11
09:37
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, bikotekideen bizilekuan gertatu zen Barakaldoko erasoa, larunbatean. Eztabaidan aritu ondoren, gizonak emakumeari botila bat jaurti zion, eta labana batekin egin zion mehatxu. Ondoren, kable batekin itotzen saiatu zen, baina andrea oihuka hasi, eta gizonak ihes egin zuen. Bizilagun batek lagundu zion biktimari, eta hura biharamunean joan zen erasoa salatzera. Ertzaintzak atxilo hartu zuen gizonezkoa, 42 urtekoa.

Bestalde, igandean beste bi gizon atzeman zituen Ertzaintzak. 20:00 aldera, Errenteriako ertzain etxeko poliziek dei bat jaso zuten, ohartaraziz Pasaiako etxebizitza batean emakume bat jotzen ari zirela. Ertzainek, bertara joan, eta ubeldurak zituen emakume batekin egin zuten topo. Hark jakinarazi zien bikotekideak —64 urteko gizonezkoak— jo zuela. Erietxera eraman zuten biktima.

Horrez gain, 40 urteko gizonezko bat atzeman zuten Beasainen. Emakume batek salatu zuenez, bikotekidea etxera iristean izan zen erasoa, goizaldean. Emakumea erietxean artatu zuten, eta atxilo hartu zuten gizona.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.