Emakumeen kontrako indarkeria

Bikotekidea jo duelakoan 25 urteko gizonezko bat atxilotu dute Ortuellan

Uztailean ere atxilotu zuten arrazoi beragatik, eta beste zenbaitetan identifikatua izan da. Gasteizen, berriz, 33 urteko gizon bat atxilotu dute urruntze agindua urratzeagatik.

2010eko abuztuaren 24a
12:35
Entzun
25 urteko gizonezko bat atxilotu du bart goizaldean Ertzaintzak Ortuellan (Bizkaia), bikotekideari eraso egitea egotzita. Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak agertu duenez, goizeko lauak aldera emakumeen kontrako indarkeria kasu bat gertatzen ari zela ohartarazi diete, eta horren harira Ortuellako etxebizitza batera joan dira.

Han bikotekideak eraso diola azaldu dien emakume bat aurkitu dute; kolpe handia zuen saihets batean. Hori ikusita, bikotekidea eta ustezko erasotzailea atxilotzeari ekin diote ertzainek, eta hark bere burua paretaren kontra kolpatuz eta ertzainei aurre eginez erreakzionatu du. Ertzainetako bati hozka egin dio zangoan. Azkenean, geraraztea eta atxilotzea lortu dute ertzainek. Gainera, emakumeen kontrako indarkeriaz gain agintarien kontrako erasoa ere leporatu diote. Emakumeak zein ertzainek osasun zerbitzuen laguntza behar izan dute.

Herrizaingo Sailak agertu duenez, joan den uztailean ere atxilotu zuten ustezko erasotzailea delitu beragatik, eta beste zenbaitetan ere identifikatu zuten bikotekideari eraso ziolakoan.

Bestalde, atzo arratsaldean 17:30 inguruan, Gasteizko Udaltzaingoak 33 urteko gizonezko bat atxilotu zuen bikotekidearengandik urruntzeko agindua urratu zuelako. Zehazki, emakumezkoak lan egiten zuen lekura joan zen, Gorbea kalean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.