Bikotekidea jotzea eta laidoztatzea egotzita, gizon bat atxilotu dute Eibarren
Bere onetik irtenda, emakume bat artatu behar izan zuten asteazkenean Eibarren (Gipuzkoa). Etxeko leihotik laguntza eske ibili zen, eta hurbildu zitzaizkion osagile eta ertzainei bikotekidearengandik jasandako erasoen eta tratu laidoztagarrien berri eman zien; heriotza mehatxupean, etxetik irten ezinik egon dela azaldu zien, eta jo ere egin duela. Emakumea osasun zentro batera eraman zuten, eta han bertan atxilotu zuten ustezko erasotzailea, 30 urteko gizona. Ertzainen arabera, jarrera mehatxagarrian joan zen emakumea zegoen tokira. Gipuzkoan, igaro orduotan izan dira genero bortizkeriarekin lotutako beste bi atxiloketa ere. Bergaran, asteazken gauean 64 urteko gizonezko bat atxilotu zuten, sukaldeko lapiko bat erabiliz emaztea jotzea egotzita. Errenterian, berriz, 30 urteko gizon bat atxilotu zuten atzo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu