Bikotekidea bigarren aldiz ustez jo duen Tafallako 47 urteko gizonezko bat epailearen aurrera eraman du gaur Foruzaintzak. Neska-lagunarengandik urruntzeko agindua zuen, lehenagotik, hari tratu txarrak emateaz akusatuta, eta larunbatean hura berriz jo izana leporatzen diote.
Larunbatean, goizeko 7:30ean dei bat jaso zuen SOS Navarrak, emakumezko batek egina. Tratu txarrak jasan zituela esan zuen. Zauriak eta ubeldurak zituen buruan, eta Polizia ager zedin eskatu zuen, baina ez zuen salaketarik jarri nahi izan. Hortaz, foruzainek berak ofizioz jarri zuten salaketa.
Atzo arratsaldean foruzainek eta Tafallako udaltzainek bigarren aldiz atxilotu zuten haren bikotekidea, 47 urteko tafallarra, oraingoan neska-lagunarengandik urruntzeko ezarri zitzaion agindua urratzeaz akusatuta.
Akusatu gehiago Nafarroan
Bestalde, azken egunotan Nafarroako auzitegietan epaileen esku utzi ditu Foruzaintzak hainbat atxilotu. Lau laguni emakumearen kontrako indarkeria leporatzen diete; hiruri tratu txarrak, eta bati zigorra urratu izana. Kasuok Zintruenigo, Zizur NAgusia, Tafalla eta Korellan gertatu dira.
Zintruenigon astelehen gauean egin zuten atxiloketa. Bertako 29 urteko gizonezko bizilagun bati emaztea jo izana egotzi zioten.
Astelehenean ere, foruzainek Iruñeko 46 urteko gizonezko bat atxilotu zuten handik gertu, Zizur Nagusian. Haren bikotekide ohiak laguntza eskatu zuen SOS Navarraren bidez. Gizona atxilotu ondoren, ustezko biktimak salaketa jarri zuen Foru Poliziaren egoitzan. Atxilotu baino astebete lehenago bukatu egin zen bikotekide ohiarengana ez hurbiltzeko ezarria zioten aginduaren epea.
Urruntzeko aginduarekin lotuta ere, Tafallan astelehenean agindu horren urraketa leporatu zioten Iruñeko 34 urteko gizonezko bati. Bikotekide ohiarengandik 300 metrora hurreratzeko debekua ezarria zioten, eta 2009ko iraila arte bete beharra zuen zigor hori, baina agindua urratu izanaz akusatu zuten foruzainek.
Joan den asteko ostegunean foruzainek, Korellako Udaltzaingoarekin batera, hango 27 urteko gizonezko bat atxilotu zuten. Bikotekide ohiari tratu txarrak ematea egotzi zioten. Ustezko biktimaren esanetan, aurpegian zauriak eragin zizkion gizonak, eta esku batean ausiki egin zion.
Horrez gain, Ribaforada herrian ustez izandako sexu gehiegikeria kasu batekin lotu dute Tuteran iragan igandean foruzainek atxilotutako bi lagunetako bat. Bi lagun hauek droga trafikoan aritzeaz akusatuta atxilotu zituzten, eta ikerketari jarraiki, horietako batek emakume bat bere gogoaren kontra atxiki zuen, eta hari sexu gehiegikeriak egin zizkion, baita lapurreta egin ere.
Ikerketa uztailaren 10ean hasi zuten, Ribaforadako bizilagun batek jarritako salaketa baten haritik.
Emakumeen aurkako indarkeria
Bikotekidea ustez jo duen gizonezko bat epailearen aurrera eraman dute foruzainek
Akusazio berarekin beste hainbat lagun eraman dituzte epaileen aitzinera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu