Ertzaintzak 27 urteko gizonezko bat atxilotu zuen atzo, Donostianustez bikotekideari labanaz eraso egiteagatik eta mehatxatzeagatik. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, «erasoa etxerik ez dutenentzako aterpe batean gertatu zen». Emakumezkoak jarritako salaketak dioenez, 16:00etan aterpeko jangela zeudela, senarra iraintzen hasi zitzaion, eta eraikinaren kanpora ateratzeko esan zion behin eta berriz. Emakumezkoak ezetz erantzuten ziola ikusita, gazteak labana bat jarri zion lepoan.
Hala, momentu horretan, emakumezkoak eskuak mugitu ezinik zeuzkala, senarra burukadak ematen hasi zitzaion. Aterpeko arduradunak erasoaz ohartu zirenean gizonezkoa bidaltzen saiatu ziren. Gizonezkoak, momentu hori aprobetxatu eta bikotekideari labanarekin azaleko bi ebaki egin zizkion, besaurrean eta belaunean, heriotza mehatxuak egiten zizkion bitartean. Handik gutxira, Ertzaintzak erasotzailea atxilotu zuen, genero indarkeriagatik. Biktima, berriz, Donostiako erdiguneko anbulatorio batean artatu zuten. Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, akusatua Justiziaren eskuetan da egun.
Gizartearen tolerantzia
Rafaela Romero Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidenteak ahalik eta azkarren osatzeko opa dio atzo eraso zioten emakumeari. Romeroren arabera, «gizartean tolerantziarik handiena duen indarkeria eta, nola ez, giza eskubideak urratzen dituena indarkeria matxista da». Egunero izaten diren genero indarkeriaren adierazleetan ageriko izaten da gizartearen tolerantzia hori, Romeroren irudiko.
«Gizon eta emakumeen arteko ezberdintasunak demokraziaren urritasunaren isla dira», dio. Ekiditeko, arazoa serioski landu behar da, Romeroren irudiko. Indarkeria ororen kontra salaketa jarri behar dela ere aldarrikatu du. Gaineratu du oso garrantzitsua dela tratu txarrak ematen dituen gizonezkoak gizarteak berak baztertzea.
Bikotekideari labanaz eraso diolakoan, gizonezko bat atxilotu dute
Genero indarkeriak giza eskubideak urratu arren gizartearen tolerantzia handia duela salatu du Romerok
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu