"Gatazkak iraun duen urteetan Euskal Herrian izandako indarkeria adierazpide guztiek utzitako biktima guztiak onartzen" dituela esatera, Gernikako Arbola aurrera joan da Amaiur. Pertsona guztien giza eskubideen errespetua gatazka gainditzeko oinarritzat duen agiria irakurri dute koalizioaren diputatuek eta senatariak, eta biktima guztien aitortzarako, minutu bateko isilunea egin dute ondoren.
Gatazka gainditzeari begira, "indarkeriek eragindako mina onartu eta konpontzeak" lehentasuna duela iruditzen zaie diputatuei, eta memoria historikoa berreskuratzeko lanaren aldeko apustua egin dute hartarako.
Gaian aurrera egiteko elkarrizketatik abiatu eta sentsibilitate guztiak adostasunera heltzea beharrezkoa dela uste dute; "mementu honetan, ostera, elkarrizketarako eta adostasunerako akordioak Madrilen geldituta daude", ohartarazi dute.
Aieteko Adierazpenaren balioa mahai gainean jarri, eta Espainiako Gobernuarengana zuzendu da Amaiur: "Ardurak har ditzala eta nazioarteko adituek egindako gomendioak bete ditzala Euskal Herrian bake eta normalizazio prozesuan aurrera egiteko".
Halaber, Euskal Herriak, "agente politiko eta sozial guztiek goldatutako bakea" behar duela adierazi du.
Politika
"Biktima guztiak" aitortzeko ekitaldia egin du Amaiurrek Gernikan
Gatazka gainditzeko urratsak egiteko konpromisoa berretsi du, memoria historikoa berreskuratzeko beharra aldarrikatu du, eta sentsibilitate guztien arteko elkarrizketa proposatu. Espainiako Gobernuari, nazioarteko adituek egindako gomendioak betetzeko eskatu dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu