Oroimenaren Eguna

"Biktima guztiak" omendu dituzte Donostian PPk ez beste alderdi guztiek

Bihar oroituko dituzte biktimak Eusko Legebiltzarrean. PPk ez du parte hartuko, eta Oroimenaren Eguna "desitxuratzea" egotzi die gainerako alderdiei.

Izagirre, lore eskaintza egiten, Donostian. JON URBE, ARP
2013ko azaroaren 9a
16:57
Entzun

Bihar izango da Memoriaren Eguna, baina gaurko egunera aurreratu du biktimei eginiko omenaldia Donostiako Udalak. Bilduk, PSE-EEk eta EAJk hartu dute parte Alderdi Ederren eginiko ekitaldian, baina ez PPk. "Biktima guztiak" omendu dituzte, minutu bateko isilunea gordez eta lore eskaintza bat eginez.

"Bizitzen ari garen prozesuan horrelako keinuak eskatzen ditu gizarteak", azaldu du Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak.

Eusko Legebiltzarrean bihar 10:30ean egingo dute ekitaldia biktimen alde. EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk hartuko dute parte; ez, ordea, PPk eta UPDk. Anton Danborenea PPko legebiltzarkideak, Radio Euskadin eginiko adierazpenetan, Oroimenaren Eguna "desitxuratzea" leporatu die gainerako alderdiei; haren arabera, eguna "terrorismoak zilegitasunik ez izateko" sortu zen. Halaber, ohartarazi du Biktimen Espainiako Legea urratzen ari direla.

Belen Arrondo EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu du memoriak "osoa" izan behar duela, "ez partziala", eta inork ez duela "sufrimenduaren monopolioa". Jose Antonio Pastor PSEko bozeramaileak, berriz, aitortu du askotarikoak izan direla biktimak, baina zehaztu du ETAk eragin duela "min gehien".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.