Biktimen legea

Biktima guztiak parekatzen dituen Nafarroako legearen kontra jo du Espainiak

Ministroen Kontseiluak Konstituzioaren aurkakotzat jo du legea, argudiatuz urratu egiten dituela zuzenbide estatuaren oinarrizko bermeak, besteak beste, errugabetasun presuntzioarena. Madrilen jarrera onartezintzat jo dute Geroa Baik eta EH Bilduk.

Mikel Zabalzaren sendiak arretaz jarraitu zuen eztabaida eta emaitza positiboki baloratu zuten. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS
arantxa elizegi egilegor
2015eko abenduaren 29a
07:28
Entzun

Biktima guztiak parekatzen dituen foru legearen aurka jo du Espainiako Gobernuak, argudiatuz Konstituzioaren aurkakoa dela, "zuzenbide estatuaren oinarrizko bermeak urratzen" dituelako. Helegitearen arabera, legeak babes judizial eragingarri baterako eskubidea eta errugabetasun presuntzioa urratzen ditu.

"Legeak Aitortza eta Ordainaren Batzordeari ematen dio atentatuak, eraso, tortura eta bestelako giza eskubideen urraketak ikertzeko eskumena, berez epaile eta auzitegiena dena", dio oharrak. Ondorioz, eta exekutiboak gaitzetsi duenez, "justizia paralelo bat bultzatzen du", bazter uzten dituena auzitegiek aurretik hartutako erabakiak. "Inori biktima izaera aitortzeak esan nahi du beste norbaiti delitu bat leporatzea, baina kasu honetan ez da aurreikusten bermerik ustezko delitugilearentzat, eta ez zaio epaiketa justu bat izateko eskubidea aitortzen", dio salaketak.

Horrez gain, jardunean dagoen exekutiboak nabarmendu du oharrean ahalegindu dela auziari buruzko akordioa lortzen Nafarroako Gobernuarekin, baina elkarrizketek huts egin dutela.

Kritikak

Geroa Baiko eledun Koldo Martinezek onartezintzat jo du Rajoyren gobernuak egindako urratsa. "Rajoyren gobernuak azken unera arte baliatu du Nafarroaren autogobernuaren eta Parlamentuaren subiranotasunaren aurka egiteko aukera". Martinezek gogorarazi du honekin 17 direla Espainiako Gobernuak errekurritutako foru legeak. "UPN koalizioan joan da gobernu honekin hasieratik, eta orain ere Rajoyren inbestiduraren alde egiten prest agertu dira".

EH Bilduk salatu egin du Madrilen jarrera, eta nabarmendu legeak ahalbidetzen duela urte luzez poliziaren indarkeriaren biktima izan direnek aitortza lor dezatela. "Beste behin agerian geratu da PPk eta UPNk Nafarroako herritarren borondateari dioten errespetu falta", salatu du koalizioak.

Ikerketa batzordea

Hain zuzen ere, legearen berritasunetako bat da Aitortza eta Ordainaren Batzorde baten eraketa: parlamentuak prestigiozko bederatzi pertsona izendatuko ditu gaurdaino ikertu gabeko gertakariak aztertu asmoz. Bost urteko epean, giza eskubideen urratzeak biltzen dituen bi txosten osatu beharko ditu batzordeak: 1950. eta 1978. urteen bitarteko bat, eta 1978. urtetik gaur egunera bestea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.