Gernikako Akordioaren sinatzaileek gatazkak biktimengan eragin duen mina aitortu dute gaur, Donostiako Aiete jauregian egin duten agerraldian. Agerraldian izan dira ezker abertzaleko ordezkariak ere, eta Rufi Etxeberriak irakurri du, hain zuzen, adierazpena: "Euskal Herrian indarkeria guztiek sortu dituzten mina eta oinazea aitortzen ditugu, bai ETAren indarkeriak bai espainiar nahiz frantziar estatuen errepresio estrategiak eta gerra zikinak hildako biktima guztien senideei, baita kalte fisiko edo psikikoak jasan dituztenei ere, gure dolua adierazi nahi diegu", esan dute adierazpenean. Etxeberriarekin batera, beste batzuen artean, Rebeka Ubera Aralarrekoa, Pello Urizar EAkoa eta Oskar Matute Alternatibakoa izan dira.
"Iraganeko sufrimenduek legatu handia utzi dute. Ez ditugu ahaztu behar beren oinarrizko eskubideen urraketa pairatu dutenak, beren bizia galdu dutenak, beren integritate fisiko zein psikikoa erasotuta ikusi dutenak, ezta bere senitartekoak ere". Mina aitortzeaz gain, mina erreparatzeko beharra ere izan dute hizpide sinatzaileek eta taldeko zein norbanako neurriak hartzea ezinbestekotzat jo dute: "Mota guztietako neurriak ezarri behar ditugu, tartean politikoak, zeintzuk indarkeriaren erabilerak eragindako egoeren errepikatzea eta eskubideren urraketa egoerak gertatzea eragotziko duten.
"Besteen mina adierazten jakin ez"
"Konfrontazio armatuak iraun duen bitartean ez aldeek ez bestelako eragileek ez dutela besteen samin eta oinazearekiko sentiberatasunik adierazten jakin izan" nabarmendu dute, baina orain "bakea justua eta iraunkorra izan dadin" jasandako min guztia aitortzea ezinbestekoa dela azaldu dute, "baita irekita dirauten zauriak sendatzeko konpromiso eta borondate argia ere". Sinatzaileek, horregatik, berretsi egin dute euren konpromisoa.
Biktimei "gogoratuak izateko, gertatutakoa ez ahazteko, memoria berreskuratzeko eta oroipen ekitaldiak egiteko eskubidea aitortu diete Gernikako Akordioaren sinatzaileek, eta begirunea eta zuhurtzia eskatu dute, "eztabaida politikoan jaurtitzeko arma gisa ez ditzaten erabili.
Biktimak guztiak berdin tratatzeko deia
Indarkeria biktima guztien mina modu berean tratatu behar dela ere adierazi dute sinatzaileek, "inolako mailaketarik gabe". Norberaren mina neurtzea ez dela zilegi esan dute, eta pairatutako indarkeriaren arabera batzuk ez direla biktimagoak gaineratu dute. "Beren oinarrizko giza eskubideen urraketak biktima bihurtu ditu". Gaineratu dute "Egia osatzen duten egia guztiak" ezagutu behar direla: "Biktima orori dagokion biktima izaera nahiz egiaren ezagutza zor zaie. Gizarte justu eta baketsua lortzea indarkeria guztien biktima guztien memoriarako benetako testigantza izango da".
Azkenik gatazka politikoa "behin-betiko gainditzeko" akordio zabal bat bilatzeko deia luzatu dute, eta gaineratu dute Euskal Herriko indar politiko guztiek bazterketarik gabe lehenbailehen elkarrizketa prozesua hasi beharko lukete. "Auzi politikoetan ditugun desadostasunak konpontzeko bide baketsu eta demokratikoak erabiltzeko konpromisoa berresten dugu. Gure ideologia politikoen artean dauden funtsezko aldeak aitortzen ditugu, guztiak zilegiak. Alde hauek Euskal Herriaren gizartearen aniztasunaren seinale dira. Horregatik, adostutako marko demokratiko baten alde irmoki lan egingo dugu, elkarrenganako errespetuaren kultura sustatuz".
Gernikako Akordioa 2010eko irailaren 25ean sinatu zuten ezker abertzaleak, Aralarrek, EAk, ABk eta Alternatibak, hainbat eragilerekin batera, eta Akordioan biktimen aitortza jasotzen zen eman beharreko pausoen artean: "Indarkeria mota guztien errealitatea eta gatazka politikoak eragindako biktima guztien aitortza, adiskidetze eta konponketaren beharra”. Urriaren 17ko Aieteko Adierazpenean ere norabide horretan pausoak ematera deitu zuten nazioarteko adituek.