biktimak

Biktimak diskriminatzea deitoratu dute hainbat buruzagi politikok

Auzitegi Nazionalak atzera bota ditu gutxienez hamarretik gora familiaren kalte-ordain eskaerak. GALek eta antzeko beste erakundeek hildako biktimek ETArekin zuten lotura frogatzeko sententziarik ez dela behar arrazoitu dute epaileek kalte-ordaina ukatzeko.

Idoia Mendia PSE-EEren idazkari nagusia Jone Goirizelaiarekin batera, Josu Muguruza eta Santi Brouard hil zituzten eguneko azken omenaldian. LUIS JAUREGIALTZO, ARGAZKI PRESS
Hodei Iruretagoiena
2015eko uztailaren 15a
07:47
Entzun

"Indarkeriazko delituak egiten dituen erakunde bateko kide" diren biktimei kalte-ordainik ez ematea erabaki du Espainiako Auzitegi Nazionalak. Hala, berretsi egin du Espainiako Barne Ministerioak gerra zikinaren 40tik gora biktimekin agertutako jarrera: "terrorismoaren biktimatzat" aitortuta ere, ez die onartu kalte-ordaina jasotzeko eskubidea. Atzo kaleratu zituen Auzitegi Nazionalak hiru kasutako sententziak: Joxan Lasaren eta Josu Muguruzaren senideen helegiteak atzera bota ditu, eta Angel Etxanizen familiarena onartu.

Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendari Monika Hernando Barne Ministerioaren ebazpenaren aurka azaldu zen bere garaian, senideak "modu injustuan" zigortzen dituztela iritzita. Iaz, kasu horien inguruko txosten bat aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzak, Espainiako Gobernuaren jarrera "konstituzionaltasun ikuspuntutik zalantzazkoa" zela eta "prebarikazio administratibotik gertu" zegoela salatu zuten.

Sortuk ere "oso larritzat" jo du erabakia, eta salatu du "estatu-terrorismoaren biktimak isilarazi" nahi dituztela: "Sententziek justifikatu egiten dute pertsona bat epaiz kanpo exekutatu ahal izatea, subjektiboki".

EH Bilduko Peio Urizarrek salatu du "biktimen arteko kategoriak definitzeko interes argia" dagoela: "Hori ez da batere ona Euskal Herriko normalizazio sozialerako".

Rebeka Ubera Aralarreko idazkari nagusiaren ustez, GALek edo beste erakunde armatu batek eragindako biktimek beste edozein biktimek izan behar duten tratu bera izan behar dute, “biktimak beti direlako biktimak beren izaera edo jaso duten indarkeriaren jatorria edozein dela ere”.

PSE-EEko idazkari nagusi Idoia Mendiak "ulertezintzat" jo du Auzitegi Nazionalaren erabakia: "diskriminaziozko" jarrera izan daitekeela ohartarazi du. Haren esanetan, "justizia, egia eta erreparazioa" izan behar dira jarraitu beharreko printzipioak, "biktimak direnak direla".

Gipuzkoako PPko presidente Borja Semperrek, berriz, "errespetu osoa" agertu du epaileen erabakiaren aurrean, baina baita "terrorismoa sufritu dutenekiko ere, kasu honetan, GALen eskutik".

Hainbat biktima

Gaur Egiari Zor fundazioak jakinarazi duenez, eskaera gehiagori buruzko erabakiak ere hartu dituzte. Eskerak ukatu dizkiete Ramon Oñederra Kattu, Mikel Goikoetxea,  Rafael Goikoetxea, Iñaki Etxabe, Jose Mari Etxaniz, Xabin Etxaide, Justo Elizaran eta Jon Lopategiren senideei, eta larri zauritutako Ramon Orberi. Onartu, aldiz, Luis Maria Elizondo, Jokin Altimasbere eta Felipe Sagarnaren familiei.

"Terrorismoaren biktimei" kalte-ordainak emateko azken diru saila ateratzearekin batera, Biktimen Legea aldatu zuen Espainiako Gobernuak, 2012an. Hainbat baldintza sartu zituen, Indarkeria Delituen Biktimen Kalte-ordainei Buruzko Europako Hitzarmenari helduta, garai hartan Barne Ministeriotik azaldu zuten bezala, "ETAren inguruko" biktimei dirurik ez emateko.

Joxan Lasaren kasuan —Joxi Zabalarekin batera, 1983an bahitu, torturatu eta hil zuen GALek—, epaileek frogatutzat jo dute ETAko kide zela. Espainiako Poliziak egindako txostenetan oinarritu da horretarako; besteak beste, garai hartan atxilotutakoen inkomunikazio aldiko testigantzak erabilita. Izan ere, Auzitegi Nazionaleko epaileek azaldu dutenez, nahikoa dute "ikerketako datu objektiboekin"; kidetza frogatzen duen epairik ez dute behar.

ETAko kidetzat jo dute Josu Muguruza ere —1989an hil zuten tiroz, Madrilgo Alcala hotelean, HBren izenean diputatu akta hartu ondoren—. Haren "eginbehar eta funtzioak" bere gain hartzen zituela diote epaileek, iazko txosten batean Espainiako Estatuaren abokatuak esan bezala.

Angel Etxanizen senideei, aldiz, onartu egin diete helegitea. 1980an hil zuten Etxaniz, BVE eta Triple A taldeei egotzitako atentatuan. Guardia Zibilak ETAko kidetzat jo zuen hasierako txostenetan, baina gero ez zuten halakorik aipatu. HBko, KASeko eta Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kide eta Egin egunkariko sortzaileetakoa zela oroitarazi dute epaileek. ETArekin ez lotzeko arrazoietako bat izan da, garai hartan, HB eta KAS oraindik ez zeudela legez kanporatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.