Ines del Rio preso ohiari buruz atzo esandakoak zehaztu ditu gaur Juan Kalparsoro Euskal Autonomia Erkidegoko fiskal nagusiak. "[Del Rio] Terrorista izan da, dudarik gabe, baina dagoeneko ez da", adierazi zuen atzo Kalparsorok.
Kalapita sortu dute haren hitzek, eta horiek ñabartu ditu. "Barkamena" eskatu die biktimei "haien sentimenduak mintzeagatik", eta gaitzetsi egin ditu "ETAko terroristen krimen izugarriak". Halaber, biktimak "babesteko" lan egingo duela hitzeman du.
Adierazpen horiek direla-eta, Kalparsororen aurka neurriak hartzeko eskatu dio UPDko buru Rosa Diezek Eduardo Torres Dulce Espainiako fiskal nagusiari. Diezen ustez, baliteke Zigor Kodeak Kalparsororen hitzak zigortzea, biktimentzat "mespretxua, iraina eta umiliazioa" direlakoan.