Su eman diote Bilboko biktimen aldeko oroitarriari bart gauean, eta ondorioz, zati batzuk belzturik zituela aurkitu dute hiriburuko garbitzaileek. Monolitoaren ondoan “sua pizteko gailu baten arrastoak” aurkitu dituztela azaldu du Bilboko Udalak.
Juan Mari Aburto alkateak "sabotajea" gaitzetsi du "irmoki" eta bizkaiko hiriburuan "edozein eratako indarkeriaren biktimak errespetatzen ez dituzten pertsona intoleranteak soberan" daudela azpimarratu du.
Koalizioak "halako indarkeriazko ekintzekiko" duen ukapena adierazi du Bruno Zubizarreta EH Bilduko zinegotziak. "Guztiz onartezinak" direla eta "Euskal Herrian irekitako egoera politiko berrian aurrera egin nahi ez duten horien jarrerak elikatzeko" besterik ez duela balio gehitu du. Era berean, EH Bilduren "biktima guztien aitortza, erreparazioa eta oroimenaren aldeko konpromiso aktiboa" berretsi du.
PSE-EEk komunikatu baten bidez azaldu du erasoak "pertsona batzuen intolerantzia besterik" ez duela erakusten. "Ez dituzte bilbotarrek beti aldarrikatu izan dituzten bakerako eta askatasunerako nahiak onartzen". "Gutxi batzuen keinu totalitarioak" salatu dituzte Javier Ruiz PPko idazkari nagusiak eta Luis Egiluz Bilboko udal taldeko bozeramaleak.