Tratu txarrak salatzen dituzten emakumeak babesteko neurriak «egokiak» dira, bitarteko «eraginkorrak» erabiltzen dira, baina agerikoa da ez direla nahikoa. Hutsegiterik ez dute aitortzen erakunde publikoek, baina salaketa jarrita zeukaten andreak hiltzen jarraitzen dute bikotekide ohiek. Aurten batik bat Rosario Romanen eta Deisy Mendozaren kasuek eztabaida handia eragin dute, talde feministek ikusarazi dutenez: erakunde arteko protokoloak ez dira biktimak babesteko adina eraginkorrak.
Emakumeek tratu txarrei aurre egin eta salaketa jar dezaten errepikatzen dute behin eta berriro instituzioek. Eta ondoren, zer? Kasuaren ezaugarrien arabera, babes eta prebentzio neurri sorta bat du, besteak beste, Eusko Jaurlaritzak; horiek abiatzerakoan, biktima arriskuan dagoen neurtzeko aldagaiak eta tresnak ere badauzka. Baina neurketa eta neurriek porrot egin zuten abuztuaren 22an, Deisy Mendoza bikotekide ohiak hil zuenean, Bilbon.
Mendozaren ustezko hiltzaileak urruntze agindua zuen, baita behin baino gehiagotan urratu ere. Biktimak Bortxa telefonoa ere bazeukan, baina ez zuen erabili erasoko unean. Izatez, Jaurlaritzak ez zuen haren kasua arriskutsutzat jo. Hartara, hil zutenean, biktima erantzule bihurtu zuenik ere izan zen, bikotekide ohiaren urraketak ez jakinarazteagatik, nahiz eta mugimendu feministak sarri nabarmendu duen salaketa jartzeak eta berresteak estutasuna eragin diezaiekeela emakumeei. «Zoritxarrez ez zigun eman gizonaren jazarpenaren berri», adierazi zuen Mariola Serrano Genero Indarkeriaren Biktimen Laguntzarako zuzendariak.
Eztabaida, baina, ez zen berria. Uztailetik zegoen mahai gainean. Hernanin (Gipuzkoa) Rosario Roman ustez bikotekide ohiak erasota zendu zenean. Gutxienez hiru salaketa zituen jarriak, baina ahizpak aitortu zuenez, «beldurragatik» kendu zituen, bikotekide ohiak mehatxatua zuelako. Emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko protokoloak hainbat erakundetatik pasatzen diren arren, inork ez zuen Romanen kasuaren jarraipenik egin.
Biktimen babes falta agerian geratu zela eta, andreoi bizkartzaina ipintzeko aukerak indarra hartu zuen uda amaieran. ETAren jardun armatuaren amaierak elikatu zuen, gainera, aukera hori, bizkartzain elkarteek eurek eskatu baitzuten genero indarkeriaren biktimen babesera bideratzeko. Hala, urri hasieran, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 52 andrek zuten bizkartzaina; azaro hasieran, berriz, 135ek.
Emakume taldeentzat, aldiz, ez da konponbiderik egokiena, biktimen askatasuna mugatzen duelako, besteak beste. Hala, erasotzaileak kontrolatzeko neurriak eskatu dituzte, eta gizonei etengabeko zaintza ezartzea ere iradoki dute. Andreen babesari dagokionez, «sistema berriak» eskatu dituzte, adibidez, urruntze aginduen urraketak jakinarazteko, eta, oro har, «babes plan integralen» beharra azpimarratu dute. Clara Campoamor elkarteko Blanca Estrella Ruizek egin zuen galdera: «Nola da posible, zuzenbide estatu batean eta salaketa jarri arren, emakume bat bikotekide ohiak hiltzea?».
Biktimen babes neurriek huts egiteak eztabaida eragin du
Andreen segurtasuna areagotze aldera bizkartzaina jartzeko aukerak indarra hartu du aurten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu