Indarkeriaren biktima izandakoen esperientzia Nafarroako eskoletan azalduko da. Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok parlamentuan azaldu duenez, heldu den ikasturtean jarriko dute martxan "biktima hezitzaileen proiektu pilotua".
Eusko Jaurlaritzak ere antzeko egitasmo bat abiatu zuen 2011n. Programa horrek indarkeriaren zenbait biktima (ETA, GAL eta BVAren biktimak, besteak beste) aukeratu eta trebatu zituen DBHko 4. mailako eta Batxilergoko ikasgeletan beren esperientziaren berri eman zezaten, helburu hezigarri batez.
Ana Beltranek kontseilariari leporatu dio ETAren historia "zuritu" nahi izatea, eta Biktimen Foru Legea urratzea. Ollok PPko eledunari eskatu dio "zehaztu dezala" non urratu duen legea gobernuak: "Konplitzeaz gainera, aurreko gobernuek baino gehiago egin dugu".