Ia bi hamarkada daramatza Eduardo Santos abokatuak (Iruñea, 1973) zuzenbidearen esparruan lanean. Urte horietan guztietan, Salhaketa elkartearekin, Sustrai Eraikuntza fundazioarekin eta intsumisoekin lan egin izan du, besteak beste. Zigor Zuzenbide eskolak ere ematen ditu NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Jendearen eskubideak defenditzeko lan egiten duela dio. Horregatik, "kezka eta ezinegona" sentitu zuen iragan astelehenean, Guardia Zibilak dozena bat abokatu eta Herrira erakundearekin lotura duten beste lau lagun atxilotu zituenean.
Zer pentsatzen du abokatu batek Guardia Zibilak hamabi lankide atxilotu dituela ikustean?
Alor juridikoari soilik erreparatzen badiogu, zalantza asko sortzen ditu asteleheneko polizia operazioak. Badirudi bi delitu mota leporatzen zaizkiela atxilotutako pertsonei: alde batetik, iruzur fiskala eta kapitalen zuritzea; hau da, Ogasunaren kontrako delituak; eta bestetik, ETAri laguntza ematea. Delitu fiskalak egia izanen balira ere, ez dut uste justifikatua egonen litzatekeenik halako operazio bat. Gehiegikeria bat da. Konparaziorako, azter ditzagun beste auzi batzuk: Iñaki Urdangarinentzat, adibidez, ia 20 urteko espetxe zigorra eskatu zuen akusazioak, eta ez zen halako operazio polizial bat antolatu, inondik inora. Guardia Zibila ez zen susmagarriaren etxean edo haren bulegoan aurkeztu, eta ez zuten atxilo eraman. Aitzitik, epaitegira joateko galdegin zioten, epaileak galderak egin zizkion eta gero behin-behineko askatasuna eman zioten, prozesuak aurrera egiten zuen bitartean. Gainera, Euskal Herriko abokatuen kasuan, afera are larriagoa da, beste zenbait auzipeturen defentsarako eskubidea urratu egin delako eta beste epaiketa bat eten behar izan delako.
ETAko preso baten abokatu izatea ETAri laguntzea al da?
Horixe da polizia operazioaren bigarren zatia. Talde armatu baten helburu berberak izatea egozten diete atxilotuei, ustez presoei eskainitako aholkularitzaren bidez helburu horiek lortzeko lan egiten zutelako. Hori guztia Guardia Zibilaren arabera, noski.
Baina baieztapen horrek ez al du kolokan jartzen abokatu ofizioaren oinarria bera?
Hori da, gure zeregin nagusietako bat bezeroei aholkuak ematea baita, hain zuzen. Haien interesen arabera lan egiten dugu. Kasu honetan, presoen borondateari erantzun beharrean, ETAren estrategia eta helburuak inposatzea leporatzen diete atxilotuei. Baina hori oso-oso zalantzagarria begitantzen zait. Ez dut esanen ezinezkoa denik, baina Guardia Zibilak dioena egia balitz, normalena litzateke bezeroren batek kexa bat aurkeztea, bere abokatuak interes jakin batzuk inposatzen dizkiolako. Eta nik dakidala, halakorik ez da gertatu.
Zer-nolako ibilbidea izan dezake auzi honek?
Oso zaila da hori aurreikustea. Egunotako prozesua denok ezagutzen dugu: atxiloketak, galdeketak eta epailearen aurreko deklarazioa. Azken hori izanen da gakoa: epaileak hemendik aurrera hartuko duen erabakia.
Egoera politikoak baldintzatutako operazioa izan al da hau?
Zalantzarik gabe. Sarekada ezin da ulertu, aurretik hainbat faktore kontuan izan gabe: alde batetik, iragan larunbatean Bilbon egindako manifestazio erraldoiak itzelezko eragina izan du; bestalde, Auzitegi Gorenak presoen kondenak pilatzeari buruz hartutako erabakiak hautsak harrotu zituen sententzia atera aurretik ere [presoek Frantziako kartzeletan betetako urteak aintzat ez hartzea erabaki zuen Gorenak, Europak ezarritako irizpidearen kontra], hainbat epailek Espainiako Gobernuaren presioak salatu baitzituzten. Azkenik, urtarrilaren 24an, biktima ofizialen elkarteek manifestazioa eginen dute Madrilen, eta aukera paregabea ikusi du PPk, elkarte horiek berriz kontentatzeko eta erakartzeko. Izan ere, Parot doktrina bertan behera gelditu zenetik, talde horiek kontra ditu gobernuak. Lobby-aren aldeko keinu bat egin nahi izan dute, eta zein zen helbururik errazena? Zein sektore gelditzen zitzaien ukitzeke? Abokatuena.
Babesgabe sentitzen al zarete legelariak, halako operazioen aurrean?
Bai, izugarrizko ziurgabetasuna eragiten digute halakoek. Kontu jakina da terrorismoarekin lotzen diren kasuetan abokatuen elkarrizketa guztiak zelatatzen dituztela. Presoen eta legelarien arteko solas horiek froga gisa erabiltzen dituzte, baina horrek ere defentsarako eskubidea urratzen du. Baltasar Garzon epailea horrexegatik bota zuten epailetzatik, akusatuen eta abokatuen arteko elkarrizketak grabatzeagatik. Prebarikazioa leporatu zion orduan Auzitegi Gorenak. Oso gauza larria da... hemen izan ezik. Antza denez, salbuespena da hau.
Abokatuen bulegoak miatzea eta handik hainbat dokumentu ateratzea oso larria dela esan dute zenbait adituk...
Bai, hala da, eta ez dago argi miaketek iraun zuten bitartean, dekanoa hor zegoen ala ez. Eta egon behar du. Abokatu baten bulegoan bezero askoren txostenak daude, informazio sekretu asko. Polizia batek, adibidez, ezin du nire bulego osoa miatu, konfidentzialtasuna gorde behar delako. Oinarrizko eskubide bat da: herritar guztiek argi izan beharko lukete beren informazioa ongi babestua egonen dela abokatu baten bulegoan. Estatuak ezin du eskua hor sartu, marra hori zeharkatzen den unean defentsa eskubidea bermaturik ez dagoelako.