Aintzane Ezenarrok PSE-EEri eta PPri galdetu die azaltzeko zein arazo duten manifestazioetan, atxiloketetan edo polizia etxeetan hil diren edo kalteak pairatu dituzten pertsonak biktimatzat hartzeko. Eusko Jaurlaritzaren Biktimen Arretarako bulegoak arrazoi politikoek eragindako biktimen txostena aurkeztua behar zuen uztailerako. Joan zen abenduaren 22an Jaurlaritzari agindu zitzaion sei hilabeteko epean aurkez zezan arrazoi politikoko indarkeriak eragindako giza eskubideen urraketen biktimei buruzko txostena, Aralarren eta talde sozialistaren arteko erdibideko testu bati esker. Jaurlaritzak, inongo arrazoirik eman gabe, agindua ez duela bete salatu du Aralarreko legebiltzarkideak.
Maixabel Lasa buru duen bulegoak ez du halakorik aurkeztu oraindik. EAk Lasaren berehalako agerraldia eskatu zuen herenegun Legebiltzarrean, txostena egiteko zein irizpide erabili dituen azal dezan. Ildo beretik egin du Aralarrek. Txostenaren aurkezpena atzeratzea salatu du eta legez besteko proposamena aurkeztu du eskatuz txostena lehenbailehen eztabaida dadin Legebiltzarrean. Juan Jose Ibarretxeren gobernuak bazuen behin behineko txostena eginda, eta txosten haren arabera 100 hildako eta 500 zauritu Estatuko segurtasun indarrek eragindakoak zirela jaso zuen. Baina txosten hura ez zen aurkeztera iritsi.
Aintzane Ezenarro Aralarreko legebiltzarkidearen ustez egungo Jaurlaritzak ez du borondate politikorik biktimen inguruko politikan ikuspegi integratzailea edukitzeko. Uste du sailkapen bat egin dutela biktima nor den, horren arabera. Ezenarrok gogora ekarri du erakundeen aldetik ETAren biktimak aitortu direla, eta gero «beste talde terrorista batzuek eragindakora» hedatu zela aitortza, baina Estatuko aparatuen eskuetan izandako biktimetara ez direla iritsi salatu du.
Giza eskubideen urraketa larrien biktima direnak aitortzeko orduan PPk eta PSE-EEk dituzten arazoak, «baldin badituzte», azal ditzaten, agerraldia eskatu du. «Helburuak izan behar du biktimekiko politika justua eta orekatua lortzeko irizpideak ezartzea».
Biktimen txostenean adostasuna hautsi izana egotzi die Aralarrek PSE-EEri eta PPri
Arrazoi politikoek eragindako biktimen txostena lehenbailehen eztabaidatzeko eskatu du Legebiltzarrean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu