Polizia Indarkeriaren Legea

Biktimen ustez, Polizia Indarkeriaren Legearekin gertatutakoa “nafar guztien auzia” da

Indarkeria politikoaren biktimek egia, justizia eta erreparazioa eskatu diote Espainiako Auzitegi Konstituzionalari.

Indarkeria polizialaren biktimek gaur eman duten agerraldia. IñIGO URIZ/ FOKU
Olatz Azpirotz Larzabal.
2018ko abuztuaren 8a
07:17
Entzun

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak indarrik gabe utzi berri du Nafarroak 2015. urtean polizia indarkeriaz onarturiko foru legea. Alderdi Popularrak errekurtsoa jarri, eta Konstituzionalak bertan behera utzi du legea. Epaian, argudiatu du "legeak zuzenbide estatu honetako auzitegien eginkizuna ordezkatu nahi" izan duela.

Hori guztia ikusirik, Nafarroan indarkeria politikoa jasan duten biktimek agerraldia egin dute gaur goizean. Hamarnaka biktimen artean, 1985. urtean eraildako Mikel Zabaltzaren arreba Idoia Zabaltzak hartu du hitza, eta Fermin Rodriguezek, 1978. urteko sanferminetan eraildako German Rodriguezen anaiak.

Biktimen ustez, "epaileek beren lana egin ez dutelako” egin zen legea. Adierazi dute garrantzizkoa dela “delitu ekintzen errudunak bilatzea eta frogatutako delituari dagokion zigor bidezkoa ezartzea".

Aitortu dute espero zutela Auzitegi Konstituzionalaren epaia: "Gogoan dugu nolako erabakiak hartu dituzten epaileek azkenaldian: nazka eta higuina eragiterainoko epaiak; adibidez, Altsasuko epaia eta Manadaren ingurukoa". Gehitu dute berdin min egin diela hala ere. "Guretzat, jasandako oinazeak ez du preziorik".

Egia, justizia eta erreparazioa lortzeko Nafarroako Gobernuak egiten dituen lanak Madrilgo Gobernuak egiten dituenarekin alderatu dituzte: "Guretzat, berdin da nor dagoen gobernuan, beti ezezko erabatekoa ematen baitzaie gure eskakizunei, PSOEk eta PPk inpunitate murrua eraiki baitute".

Indarkeria politikoaren biktimek adierazi dute ez dutela "legegile bihurtu" nahi, baizik eta entzun ditzatela. Egia, justizia eta erreparazioa eskatzeaz gain, "giza eskubideei dagokienez sufritutako urraketak berriz ez gertatzeko bermea" eskatu dute. Esan dute "zauriak" ez direla ongi itxiko bestela. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.