Laura Mintegi EH Bilduko Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak esan du "faltsutu" egin direla indarkeriaren biktimez esan zituenak, eta bere asmoa "biktima guztien oroimenaren defentsa" egitea izan zela. Martxoaren 14ko osoko bilkuran, Mintegik esan zuen euskal gatazkan izandako hilketek "jatorri politikoa" izan zutela eta "saihestu" egin zitezkeela. Hitz horiek ikertzen ari da EAEko fiskal nagusi Juan Kalparsoro, Mintegik "terrorismoa goratu" ote duen argitzeko.
"Ondoren eginiko interpretazioek nire hitzen zentzua faltsutu dute", esan du Mintegik, gaur Bilbon eginiko agerraldi batean. Haren ustez, legebiltzarkide guztiak jabetu ziren bere baieztapenaren "sakoneko zentzuaz", baina ondorengo erreakzioek "alderdikeriei" erantzuten dietela gaineratu du. "Helburua bake lantaldearen sorrera atzeratzea zen, une horretan ez baitziren eroso sentitzen, eta astebete geroago gainerako alderdiak mobilizatzea lortu dute, erosoago sentitzeko".
Bakearen aldeko lana "siglen eta parlamentuen gainetik" dagoela adierazi du Mintegik. Fiskala bere adierazpenak ikertzen ari dela eta, Mintegik uste du larria dela Espainiako fiskal nagusiak Kalparsorori agindu izana bera ikertzeko.
Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak, berriz, ohartarazi du atzoko osoko bilkuran ere erabili zituztela "preso politikoak, gatazka politikoa" eta gisa horrelako formulak, baina erantsi du atzo ez zela "inolako polemikarik" sortu. "Pentsarazten digu duela astebete piztutako eztabaidak eta PPk sortutako zalapartak irabazkin politikoren bat lortzea zuela helburu", azaldu du.