HONDAKINEN KUDEAKETA. ERRAUSTE PLANTAK. IPAR EUSKAL HERRIA

Bil Ta Garbik proposatutako lau aukeretatik hirutan, erraustea jasotzen da

2004ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan hondakinen kudeaketa sindikatuen esku dago, hau da, herri arteko egitura batzuen esku. 200 herri eta 235.000 biztanle daude Bil Ta Garbi sindikatuaren eremuan. Hendaia eta Donibane Lohizune inguruko herriak ez daude sindikatu horretan: lehenak Txingudiko egitasmoan parte hartzen du, eta bigarrenak Bizi Garbia sindikatuan daude. Baionako Bacheffores errauste planta eta Urruñako Bittoli zabortegia dira gaur egun Bil Ta Garbik hondakinak kudeatzeko dituen tresnak. Lehena zaharra da, eta arauetara egokitu nahi dute 2009rako; eta Urruñako zabortegia gainezka egiten ari da. Horregatik, Bil Ta Garbi plan bat prestatzen ari dasindikatu horren barruan dauden herriek urtero ekoizten dituzten 127.000 tona hondakinak kudeatzeko. Azaroan aurkeztuko dute. Gipuzkoan eta Bizkaian bezala, Iparraldean ere erraustea hobesten dute, orain arteko sistemari eutsiz.

Gaur egun, hondakinen %12 bereizten dira etxeetan bilketa egin aurretik. Lau urteko epean bereizketa %12tik %21era emendatzea da sindikatuaren xedea. Horrekin batera, eskualde bakoitzean hondakin berdeen tratamendua egiteko xedea du.

Gelditzen diren hondakinen tratamenduak eraginen ditu eztabaidak. Lau proposamen dituzte esku artean. Biologi balioztatzea da lehen proposamena. Papera eta hondakin berdeak bereizi ondoren, gelditzen diren hondakinak mekanikoki bereiziko dira metanizazio prozesuari ekin aitzin. Bigarren mailako hondakindegia egin beharko litzateke azken hondakinak lurperatzeko. Proposamen honetan ez da errauste plantarik aipatzen. Arazo handiena lurraren erabilpena da. Izan ere, 40 hektareako eremua behar da hondakindegi bakarra egiteko. Bigarren proposamenean, gaurko sisteman oinarrituz errauste planta bat sortzea aipatzen da. Hirugarren proposamena mekaniko-biologikoa deritzo, baina errauste planta bat sortzea ere aurreikusten dute bertan. Laugarren proposamenean ez da aipatzen errauste plantarik egitea, baina bai kanpora eramatea tratamendua egiteko, hots, Gipuzkoako errauste planta baliatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.