Aitzina segitzen dute Zaldibarko zabortegiaren azpian harrapaturiko bi langileen bilaketek, eta, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, «datozen orduetan» bertze gune batzuetara hedatuko dituzte erreskate lanak. Gaur goizean bildu da zabortegiko bilaketa lanez arduratzen den mahai teknikoa, Bilbon, eta jakinarazi dute lurra egonkortzen saiatzen ari direla bigarren erreskate gunearen inguruan, lanak gune horretara eta bertze batzuetara ere zabaldu ahal izateko. Adierazi dutenez, biziagotu eginen dituzte zabortegia egonkortzeko lanak, bilaketa behar diren segurtasun neurriekin egiten dela bermatzeko.
Mahai teknikoan izan dira Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburua, baita Josu Zubiaga Segurtasun sailburuordea eta Pedro Anitua Larrialdi zuzendaria ere.