Jose Luis Bilbaok adierazpen gogorrak egin ditu Radio Popular irratian Mondragon taldearen aurka, Edesa.Geyserren proiektuaren harira. Arrasatek ez du erabaki oraindik Basauri eta Bergarako plantan ustez 260 lanpostu salbatuko lituzken proiektuan sartuko den; hiru milioi euro eskatzen dizkiote, eta Mondragon PwC auditoretza multinazionalaren proiektu horren bideragarritasunaren inguruko azterketa sakona eskatu dio egunkari honek aurreratu duen moduan. Bilbaok, ordea, aurrea hartu dio Arrasateko taldeak laster jakinaraziko duen erabakiari. ""Edesa saltzen badute euro batzuk ateratzeko, gizarteari azalpenak eman beharko dizkie".
Lakuan egindako bilera batean Fagorren konkurtsoaren atarian, hiru milioi euroko bermea eskaini zuen Bilbaok Edesa salbatzeko, baina Fagorrek uko egin zion berme horri "bere kabuz ez zelako nahikoa" Basauri aurrera ateratzeko. Bilbaok minduta jarraitzen du antza, erabaki horrekin. "Gau langileek urtarrileko lansariak jasoko zituzten. Gaur Edesa itxita dago ez zutelako bete adostu genuena".
Haratago joan da ahaldun nagusia Mondragonen aurkako erasoan. Arrasateren plana Confort atala saltzea dela esan du (Edesa-Geyser). "Zerbait saltzera zoazenean dirua aterako duzulako esperantza daukazu; etxetresnen zuloa estaltzeko izango da hori", aurreikusi du.