politika

Bilbaok dio 2011n "EAJ eta PSE-PPren artean hautatu" beharko dela, "ez da beste aukerarik izango"

Bizkaiko ahaldun nagusiaren ustez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan "oso garrantzitsuak" izango dira datorren urteko udal eta foru hauteskundeak. Herritarren "aukera abertzalea EAJ" izango dela esan du. Aralarrek jeltzaleen "nagusikeria" kritikatu du.

2010eko urtarrilaren 19a
18:19
Entzun
Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusi eta EAJko kideak dio hurrengo urteko udal eta foru hauteskundeak "oso garrantzitsuak" izango direla, "[EAEn] EAJ eta PSE-PPren artean hautatu beharko delako; ez da beste aukerarik izango". Herritarren "aukera abertzalea EAJ" izango dela adierazi du Bilbaok Radio Euskadin.

Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakari eta PSE-EEko idazkari nagusiak asteburuan iragarri du 2011ko bozetan euren helburua Eusko Legebiltzarrean PPrekin daukaten akordioa udaletara eta aldundietara "zabaltzea" izango dela. Bilbaok uste du, ordea, Lopezek ez daukala proiekturik. "Beti orrialde zuri batekin azaltzen da, ez du proposamenik".

Halaber, Joseba Egibar EAJko Gipuzkoako presidendeak iritzi dio PSEk eta PPk 2011n ere bat egingo dutela; "bestela, Jaurlaritza erori egingo da".

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan EAJko kideak dira ahaldun nagusiak: Xabier Agirre, Bilbao bera eta Markel Olano, hurrenez hurren. Gasteizko eta Donostiako alkateak PSEkoak dira (Patxi Lazkoz eta Odon Elorza) eta Bilbokoa jeltzalea (Iñaki Azkuna). Nafarroako Gobernuko lehendakaria eta Iruñeko alkatea UPNkoak dira: Miguel Sanz eta Yolanda Barcina.

Bilbaok ez du argitu 2011n EAJren Bizkaiko hautagaia bera izango den. "Ez naiz ni hori erabaki behar duena. Alderdiak ez du oraindik hasi prozesua".

Aralarren kritika EAJri

Aralarrek Bizkaiko EAJren "nagusikeria" kritikatu du, eta gogoratu dio esparru abertzalearen baitan badaudela "beste alternatiba batzuk PSE-PP fronteari aurre egiteko".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.