Imanol Gomezen heriotza

Bilbo, Donostia eta Gasteizko manifestazioak eragotzi ditu Ertzaintzak; Baionan arazorik gabe egin dute

Imanol Gomez Frantziako hildako ustezko etakidearen heriotza salatzeko Askatasunak Bilbon, Donostian eta Gasteizen antolatuako manifestazioak indarrez eragotzi ditu Ertzaintzak. Donostian eta Gasteizen istilu handi samarrak izan dira: Gipuzkoako hiriburuan Josetxo Ibazeta HBko zinegotzi ohia zauritu dute, eta ingresatuta dago; Gasteizkoan hiru gazte atxilotu ditu Ertzaintzak. Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak atzo jakinarazi zuen ekitaldi horiek guztiak debekatzen zituela. Aldiz, Baionan inolako arazorik gabe egin dute manifestazioa.

2005eko uztailaren 23a
18:13
Entzun
Gasteizen 12:00etan zen egitekoa Gomezen heriotza salatzeko Askatasunak antolatutako manifestazioa. Jende talde bat bildu da Andre Mari Zuriaren plazan, eta ordurako ertzainak zain zituzten. Ekitaldia galarazita zegoela esan diete, eta sakabanatzeko. Ertzainekin tira-biraka Alde Zaharrerako bidea hartu dute manifestariek, eta han lehertu dira istilu handiagoak: zaborren edukiontziak eta autoak gurutzatu dituzte, eta Ertzaintzak indarrez egin die aurre. Halaber, 24 urteko gazte bat atxilotu dute iskanbiletan parte hartzea leporatuta. Gero, arratsaldeko lehen orduan beste bi atzeman dituzte, haiei ere istiluetan parte hartu izana egotzita. 17 eta 22 urte dituzte gazte horiek.

Bilbon 12:30etan zuten hitzordua, Plaza Biribilean. Lehenagotik ertzain asko zeuden inguruan, eta haien zenbait ibilgailu espaloietan gurutzatuta ere bai. Jende talde batek manifestazioak hasi behar zuen lekuan biltzea lortu du, eta beste batzuk urrunago geratu behar izan dute. Ertzainek, piskanaka, atzerantza bidaltzen zituzten, baina kargatu gabe. Une batean, xingola beltzarekin hornitutako ikurrina zabaltzea eta hamar ba minutuz harekin egotea lortu du manifestari talde batek. Azkenean, piskanaka-piskanaka, Alde Zaharreraino joanarazi ditu Ertzaintzak. Hala ere, istilu handirik ez da gertatu.

Ibazetak hiruzpalau saihets hautsita

Donostian, eguerdiko ordubatean, jende talde handia bildu da Bulebarrean. Hala ere, manifestazioa egiterik ez dute izan, abiatu eta segituan Ertzaintzak indarrez eragotzi baitie jarraitzea. Josetxo Ibazeta Donostiako Udalean HBko zinegotzi izandakoa zaurituta eraman dute anbulantzian, gerri aldean kolpea jasota. Haren hurbilekoek jakinarazi dutenez, erietxe batean ingresatuta geratu behar izan du, hiruzpalau saihets hautsiak baititu, eta odola isurtzen baitu gernuarekin batera.

Manifestazioa abiatzea eragotzi eta gero Alde Zaharrean eta Gros auzoan istiluak izan dira —Grosen edukiontziak gurutzatu dituzte—, baina ordubiak alderako nahikoa lasai zegoen giroa.

Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak atzo jakinarazi zuen Askatasunak Gomezen heriotza salatzeko antolatutako manifestazioak debekatzen zituela. Herrizaingo Sailaren arabera, manifestazioak egiten utziz gero "terrorismoa goratzeko delitua egiteko" eta istiluak gertatzeko arriskua zegoen, eta horregatik erabaki zuten ekitaldiak galaraztea.

Baionan, inolako eragozpenik gabe egin dute ustezko etakidearen heriotza salatzeko manifestazioa, eta ez da inolako istilurik gertatu. Eguerdian 80 bat lagun batu dira Herriko Etxearen atarian, eta gero manifestazioa egin dute hiriko karriketan. Jean Claude Agerre Batasuneko buruzagia mintzatu da ondoren. Frantziako agintariei zuzendu zaie; zehazki, esan die eurek hala dela ukatu arren, Frantzia gatazkako parte dela, eta Gomezen heriotzak horixe frogatzen duela. Beraz, Frantziako Estatuak konponbidean parte hartu behar dela esan die, eta hartarako gonbita egin die.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.